Bide motza baina bizia egin du orain arte Anne Lukin (Iruñea, 2001) musikariak. Iazko apirilean atera zuen bere lehen diskoa eta bira bukatuta, abesti berriak sortzen dabil egun, konposatzeko modua aldatuta. Datozen egunotan izango du publikoak aurrerapen abesti horietako lehena entzun eta ikusteko aukera. Estandarte, kritika eta askapen bezala erabili duen abestia izango da "Ay, pequeña". Atseden pixka bat hartuta, laster berriz ere kontzertuen data berriak iragartzeko asmoa erakutsi du nafarrak.
"Al dia siguiente" lehen diskoa kaleratu zenuen iaz. Zer izan zen zuretzat lehen lan hori argitaratzea?
Abentura handia izan zen; soilik urtebete eman genuen diskoan pentsatzen, abestiak egiten, grabatzen, ikus-entzunezkoetan€ Prozesu luze-luzea da eta harritu egin ninduen ikusteak nolako lana dagoen disko baten atzean. Kontsumitzaile bezala amaierako produktua baino ez nuen ikusten, baina behin barruan, eta prozesu guztiak ezagututa, zeharo harritu nintzen.
Hala ere, disko bat ateratzearen magia prozesu horretan ere badago. Esperientzia oso polita izan da niretzat, eta izaten ari da. Denbora pasako da, baina disko hau beti nirekin eramango dut, oso berezia izan baita niretzat.
Musikari ibilbidea hasi baino lehen, Operacion Triunfo talent show-an parte hartu zenuen.
Nire txikitako ametsa ez zen etorkizun baten abeslari edo musikari izatea; niretzako pelikula bat bezalakoa zen eta ez zitzaidan ezta burutik ere pasatzen hori amestea. Ikus-entzunezko ikasketak egiten nenbilen unibertsitatean, eta lagunek konbentzituta eman nuen izena Operacion Triunfoko castingean. Ondo pasatzera gindoazen, eta ez nuen pentsatu geroan; alegia, ez nuen pentsatu hautatua izatekotan etorriko litzatekeen horretan.
Dena den, castingak aurrera egiten zuen heinean, geroz eta argiago neukan egiten ari nintzena egin nahi nuela, modu inkontzientean egin nuenak zentzu gehiago zuela aurretik bizitzan egindako edozerk baino. Behin OTn, konposatzen nekien ala ez jakiteko momentua iritsi zen. Nire ibilbide musikalaren hasiera bertan izan zen.
Eta OTn parte hartzeak lagundu ala kalte egin dizu zure ibilbide artistikoan?
Nik ere nire buruari egiten diodan galdera da hori. Argi daukat ez nintzela nagoen tokian egongo Operacion Triunfon parte hartu izan ez banu. Horri esker egiten ari naiz egiten ari naizena, eta konposatzen ere ikasi dut. Egia da, bestalde, talent show horretatik ateratzen diren pertsonenganako oraindik ere aurreiritziak daudela. Uste nuen aurreiritzi horiek gaur egun ez zirela existitzen, eta uste nuen azken edizioetan argi erakutsi dela bakoitzak nahi duena egiten duela, eta ez daukala zentzurik alde horretatik epaitzeak.
Aurreiritzi horiekin topo egin izan dut nik ere, eta bertan izan garenok gauden tokian egotea merezi dugula erakutsi behar dugu berriz ere. Gainera, ez da soilik kanpora begira erakutsi behar den zerbait, norbere buruari ere baieztatu behar diozun zerbait ere badelako. Segurtasun-gabezia sortzen zaizu, zure buruari galdetzen diozulako ea benetan merezi duzun aukera hori, egia baita beste askok bide luzeagoa egin behar izan dutela ni nagoen lekuraino iritsi ahal izateko.
"Beste bide bat hartzen ari naiz, kantak ilunagoak ateratzen zaizkit, eta letrak ere helduagoak. Oso pozik nago, esperimentatzen"
Egun batean unibertsitateko ikaslea zinen, eta hurrengo egunean musikaria; aldaketa handia.
Hala da, ikasketak alde batera utzi nituen, ezin nituelako gauza biak uztartu. Gaur gaurkoz, behintzat, musika da nire bizitza, arreta guztia eskaini nahi diot, hau delako nire apustua. Baliteke bost urte barru iritziz aldatzea, eta musikak orain ematen didan poztasuna ez ematea. Baina orduan hartuko dut beste zerbait egiteko erabakia, eta ez orain.
Datorrena ongi etorria izango da. Nire bizitzako alor guztietan aldaketa ugari nabaritu ditut: egunerokotasunean, ni naizen honetan, nire nahietan, nire bizitzan€ Ezinbesteko esperientzia izaten ari da niretzat, bizitza goitik behera aldatu didan esperientzia.
Musikariaren munduan, zerekin egin duzu topo?
Entzule bezala ezagutzen ez dituzun gauza asko ikusi ditut, eta musikaren industriak nola funtzionatzen duen ere. Taldeak duen garrantzia ere ezagutu dut, atzean dagoen talde hori gabe ez garelako garenak. Horrez gain, konposatzen dakidala konturatu naiz, eta ohartu naiz ez dudala nire bizitza konposatu gabe eta musika egin gabe irudikatzen.
Askotan pentsatzen dut ea orain arte nola bizi izan naizen honelakorik egin gabe. Patuaren gauza izango da bide hau nire begien aurrean jarri izana, baina hau da zoriontsuen egiten nauena. Ez daukat ihes egiten uzteko asmorik.
Zer da musikaria izatea gaur egun?
Musikari izatea, zoritxarrez, konposatzea, estudioan egotea eta musika egitea baino askoz gehiago da. Beste hainbat gauza ditu, eta horietako askorengana ailegatzea oraindik ere zaila egiten zait: sare sozialak, markak, norberaren irudia, kontaktuak€ Badira, gainera, musika munduan iraungita zeudela uste nituen beste hainbat gauza ere: esaterako, industrian dagoen paternalismoa edo matxismoa. Alde horrek asko harritu nau eta triste samar jartzen nau.
Modu berean, eta nire inguruan, beraien lekua egiten dabiltzan geroz eta emakume gehiago daude, eta horrek poztu egiten nau. Nire taldean, adibidez, gehienak emakumeak gara. Bagabiltza gutxika pixka bat gehiago lortzen, eta helduko da egun bat egon beharko genukeen lekura ailegatuko garena.
Hartutako bidean, independentea izan nahi duzu. Zuk idatzi, konposatu eta erabaki.
Niretzat oso garrantzitsua da momentu oro nik erabaki ahal izatea, zein abesti, nola, noiz, norekin€ Erabakiak nik hartzea gakoa da, ez baitiot inolako zentzurik hartzen horrela ez bada. Askatasun hori ezinbestekoa da. Nik aukeratu dut bide hau eta oso pozik nago hartutako erabakiaz.
Zuk egindako abestiak ere ez dira berehalako arrakasta lortzekoak. Hala diozu zuk, behintzat.
Nik uste dut ez dakidala halako abestiak egiten. Egiten ditudan abestiak terapeutikoak dira, nire egunerokoan gertatzen diren gauzak kontatzen ditut, kezkatzen nautenak, sentitzen ditudanak€ Beti lehenetsiko dut hori, egia hori. Nik kontsumitzaile bezala badakit ikusten zer den benetakoa, eta nik ere hala egin nahi dut musika.
Dena den, ez dut uste abesti bat egiteko eztanda egin dezakeen formula bat dagoenik; batzuetan magia sortzen da eta beste batzuetan ez. Nik uste dut benetako abestiak, urteetan irauten duten abesti onak, antolatu gabekoak izaten direla, eta horiek dira niri egitea gustatzen zaizkidanak. Niretzako hori lortzea izango litzateke arrakasta. Lehengo abestiek bazuten gaitasun hori, eta horiek behin eta berriz entzun ditzakezu, nekatu gabe.
Zure abestiak ezberdinak izan daitezke beraien artean, baina badute zerbait komunean: Anne Lukinen estiloa.
Abestiak sortzen hasi nintzenean ez nuen helburu jakin bat, ezer antolatu gabe hasi nintzen. Egia da jendeak esan didala berezko estiloa daukadala, nire abestiak entzuten dituztenean badakitela nireak direla.
Ez dut jakinda egiten, baina benetan pozten nau horrek, uste dudalako nork bere estiloa izatea eta abesti ezberdinetan esentzia hori jasotzea zaila eta polita dela. Abestiek, heterogenoak izan arren, elkar ulertu dezakete, bide bera egin dezakete.
Bira amaituta, zertan dabil orain Anne Lukin?
Abesti berriak egiten, ahal dudanetan estudiora joaten, gitarra jotzen ikasten, armonia ikasten, Bartzelonan bizitzen, nire buruarentzako atsedena hartzen€
Abesti berri horiek aurrekoen bide beretsua jarraitzen al dute?
Konposatzeko modua aldatu dut; lehen, ez nuen aurretiaz pentsatzen nora heldu nahi nuen, eta ahotsarekin soilik edo ukelelearekin egiten nituen abestiak, asko pentsatu gabe ateratzen zitzaidana egiten nuen.
Azken hilabeteetan, aldiz, ezagueraz egiten ditut abestiak, gitarrarekin ere hobeto moldatzen naiz€ Beste bide bat hartzen ari naiz, kantak ilunagoak ateratzen zaizkit, eta letrak ere helduagoak direla esango nuke. Oso pozik nago, esperimentatzea asko gustatzen zaidalako.
"Lehen aldia da haserre egonik abesti bat konposatzen dudana. Estandarte, kritika eta askapen bezala erabili dut abesti hau"
Etapa berri horretako abestiak entzuteko irrikaz izango dira ikus entzuleak. Noiz izango dute horretarako aukera?
Hau da lehen aldia iragarriko dudana, eta oso urduri nago, izan ere, otsail hasieran etapa berri honetako lehen abestia kaleratuko dugu: "Ay, pequeña". Ilusio handia egiten dit, oso abesti berezia delako niretzat. Lehenengo aldia da haserre egonik abesti bat konposatzen dudana. Estandarte, kritika eta askapen bezala erabili dut abesti hau. Banekien zein soinu izatea nahi nuen, eta ezin nintzen estudiotik atera soinu hori hartu zuen arte.
Nik nahi bezala atera da, beraz, entzuleei erakusteko irrikaz nago. Bertigo puntu bat ere sentitzen dut, ilunagoa delako, eta beste estilo batekoa. Salto egin nahi dut, baina bada barruan sentitzen dudan zera hori. Hala ere, emaitzarekin oso pozik nago; beraz, jendeak gustuko izango ez balu ere, ez luke nire asebetetze maila aldatuko.
Aldaketa handia da, hala sentitzen dut nik, behintzat, eta nik sentitzen dudan bezala transmititu nahi dut, eta hala jasotzea jendeak. Gainontzeko aurrerapen abestiak pixkanaka joango gara kaleratzen.