ire alabak gaur hausnarketa sakon bat egiteko bidea ireki dit. Gaua iritsi da eta, beti bezala, bere ohean sartu gara biok. Lokartu baino lehen ipuin bat kontatzen diot egunero, gure momentua izaten da eta asko disfrutatzen dugu. Ipuina bukatu denean besarkada handi bat eman diot eta betiko hitzak errepikatu dizkiot: "Maite zaitut, asko asko!" Gaurkoan, ordea, bere erantzunak pentsakor utzi nau denbora luze batean: "Nik ere maite zaitut ondo, ama! Zein erantzun ona maitea... Maite zaitut ondo! Zein garrantzitsua den ondo maitatzea. Asko ez, ondo! Benetan, erantzun bikaina! Asko maitatzea, sinestea kosta egiten zaigun arren, ez da beti ondo maitatzearen sinonimo. Kantitatea, batzuetan, ez baita benetako harreman-kalitatearen eskutik iristen. Maitasuna ez da nahikoa errespetua lortzen ez denean, eta denak ez du balio, eta dena ez da barkatu behar pasio suntsitzaile eta alienatzaile baten izenean. Gehienok betiereko ideia bati jarraitzen diogu: maitasunak dena egin dezakeela, energia erregaitz horrek konpontzen duela guztia... ba ez! Garrantzitsua da geure burua ondo maitatzea, norbaitek gaizki tratatzen gaituenean berehala konturatzeko. Eskerrik asko maitea, hemendik aurrera maite zaitut ondo erabiliko dut.