Urteen aurrerapausoek nahi gabe sortzen digute itxi eta irekitzearen sentzazio hori, bukatu eta hastearena. Musikazaleok nostalgian bilduta urteak laburbiltzen saiatzen gara zerrenden bidez. Gurean, zerrenden lehiakortasuna alde batera utzi eta lagun artean igarotzea erabaki dugu, aurtengo artista esanguratsuenei urteko inpresioak eskatuz. Hala, musika sorta handiagoa elkarbanatzea lortu dugu! Gainera, modu bitxian, artisten arteko bidegurutzean sortzen dituzte. Haiekin utzi baino lehenago, urteko uzta oparoan gehiago arakatzea gomendatzea ezinbestekoa da, soinu izugarriak baitaude: Silitia, Jai/Egun, Otoi, Rrucculla, Ke Lepo, Tatxers...

Unai Madariaga (Ez Ez Ez)

Unai Madariagak bakarlari gisa hasi zuen ibilbide musikala, baina bidean topatu dituen musikari trebeak ezagututa, talde forma eman diote proiektuari, EZ EZ EZ taldea sortuta. Beraien lehenengo lana dute kalean, eta bai ekoizpen aldetik eta baita abestien aldetik ere altxor handia da. Gainera, LP formatu politean argitaratu dute. Horregaitik dio Madariagak aurtengoa urte “oso produktiboa” izan dela. 

Zein izan da zuretzat urteko diskoa? 

Ricardo Días Gomesen Muito Sol ezagutu dut aurten eta asko gustatu zait. Hala ere, Euskal Herrian bada gustuko dudan beste bat: Amoranteren Harri herri har.

Eta abestia?

Ezta Ilenen Zin egingo dut.

Jotzen gehien gozatu duzun kontzertua?

Izan dugun azken kontzertua Bilborocken (Bilbo, Bizkaia).

Eta publiko moduan?

Juan Wautersen kontzertua, Bilboko Jazzon aretoan.

Ezezez talderaren "katuzaldi"

Xalba Ramirez (Nakar)

Aurten sortu da Nakar, proiektu bitxi eta arriskutsua; “kamikazea”, Xalba Ramirez musikariaren hitzetan. Gernika-Lumoko Lekuek jaialditik lehen kontzerturako botatako proposamena hartuta, kontzertuak eman ahala joan dira taldea gorpuzten. Hala, maketa izateko asmoa zuen proiektua “benetako disko bat” egin dutela diote. Benetakoa, eta azken aldiko proposamenik interesgarrienetarikoa. “Urte epela” ez izatea eskatzen dio hurrengoari, “eta kantuek harritu gaitzatela.”

Zein izan da zuretzat urteko diskoa? 

Nirea, modu pertsonalean, uste dut Tatxersen Tatxers. 

Eta abestia?

Paio Erramousperen Haira proiektuaren Ikusten duzu goizean.

Jotzen gehien gozatu duzun kontzertua?

Donostiako Kutixik jaialdikoa eta Ondarroako gaztetxekoa.

Eta publiko moduan?

Nubya Garciaren kontzertua Jazzaldian, Ralphie Choorena Dabadaban eta Sei Segarena Letamanen.

Nakar taldearen "Loretalaban"

Sara Zozaya

Sara Zozaya bakarlariak urrian argitaratu zuen Nara lehen disko luzea “eraldaketa prozesu baten lehen pausoa” dela sentitzen du. 2024.urtean, momentuz, “zuzenekoak egiten baina fokoa konposaketan jarrita” igaroko du. Gure herriko ahotsik sentiberena eta idazlerik hunkiberena “ikasi eta esperimentatzeko” gogoz dago, eta “gauza berriak” lehen aldiz egingo dituela agindu du. Gainera, ezer ez galtzeko oso gertukoa den buletina du; harpidetu zaitez!

Zein izan da zuretzat urteko diskoa? 

Daughter-en berria eta Artschool Girlfriend-en guztiak. 

Eta abestia?

Spotifyk esango dizu Nils Fhramen edozein dela, baina tranpa da; izan ere, lan egiteko erabiltzen dut bere musika, baina hondo-musika legez. Gehien eragin didan kanta Ibil Bediren Xirarena da, dudarik gabe. 

Jotzen gehien gozatu duzun kontzertua?

Etxean, Dabadaban eman genuena, magikoa izan zen. Lasai eta pozik bukatu nuen eta hori ez da gehiegitan gertatzen. 

Eta publiko moduan?

Yunez Chaiben Altxerriko ikuskizunaz gozatu nuen (ez da musika, baina ikaragarria da) eta, horrekin batera, Agar Agar-en emanaldiaz Atabalen.

Sara Zozayaren "Nara" diskoa

Ibai Osinaga (Ibilbedi)

Ibilbedi pop talde sailkaezinean gitarra jo eta abesten du Ibai Osinagak. Melodia eta xehetasunei ohore egiten diete haien musikarekin, abesti borobilei behar dutena emanez. Aurten Goldea diskoarekin aipatutakoa soinu estetika, forma eta ekoizpenera eraman dute, emaitza paregabea lortuz. Taldea disko berriaren harrerarekin “oso pozik” dago, eta hori da urteari eskertzen diona. Hurrengoari zer eskatzen dion? Bada, musikaren alderdirik aberasgarrienetakoa: “Toki eta jende berri gehiago ezagutzea”.

Zein izan da zuretzat urteko diskoa? 

EZEZEZen Katuzaldia. 

Eta abestia?

El Mató a un Policia Motorizado taldearen Profeta de fuego.

Jotzen gehien gozatu duzun kontzertua?

Azkoitiko Matadeixenen eman genuena.

Eta publiko moduan?

Emma Ruth Rundleren kontzertua Paueko La Chapelle des Réparatrices-en.

Ibilbedi talderaren "Goldea" diskoa

Hofe

Hofe esker oneko artista da. Proiektua fintzea lortu du, baina aitortzen du horren arrazoia ez dela soilik El Xokas bezalako ereserkia, baizik eta publiko aldetik jaso duten “babesa” ere badela. Eta horrek “hodeitxo batean bezala egotea” ahalbidetu dio. Kontzertu mordoa jo du 4:40 ekoizleekin batera, Amorrua diska-tzarra lantzeko denbora atera bitartean. Gainera, “Jangitz eta Isra (teknikaria) taldean sar-tzeak eragin nabarmena izan du guretzat, eta aurrerapauso handia izan da”. Bai, Igotz zuzenekoetan frogatu dugu!

Zein izan da zuretzat urteko diskoa? 

Diego 900en La espalda del sol izan da, duela egun batzuk kaleratu dena baina zoragarria dena.

Jotzen gehien gozatu duzun kontzertua?

Ezin dut emanaldi bakarra aukeratu, guztietan gozatu eta sentitu dugu jendearen babesa, baina nik badaukat horien guztien artean berezia izan zena: Jangitzekin lehen aldiz jo genuen apirilean Elorrion (Bizkaia), eta horrek ekarri zuen aldaketagagatik aukeratuko dut kontzertu hori.  

Eta publiko moduan?

Nu Genea taldearen emanaldia, Cala Mijasen. Aitarekin, Eliasekin eta lagunekin batera izan nintzen jaialdian; kontzertua zoragarria izan zen, eta banda are zoragarriagoa da.

Hofe x440 taldearen `Amorrua´ lana