Elena Caballero La Basuk 21 urte daramatza musikagintzan. Bere hastapenak ez ziren ohikoenak izan, 90eko hamarkadaren amaieran, Euskal Herrian rap mugimendurik apenas zegoenean hasi zen letrak idazten, eta handik gutxira emakumezkoek osaturiko Jungla Urbana taldea sortu zuen beste hiru lagunekin batera. Osasun arazoak zirela medio, urte luzez egon zen eszenatokietara igo gabe, baina 2012an indarberrituta itzuli zen. Remixes, Aire es vida eta Ni naiz izotz erregina lanak argitaratu ditu ordutik, baita hainbat artistarekin kolaborazioak egin ere: Fermin Muguruza, Enkore, Maria Rivero? Egun, emakumeek egindako rap musikan erreferenteetako bat da.
Azaroan argitaratu zenuen ‘Ni naiz izotz erregina’ diskoa. Zelakoa izan da sortze prozesua?
Nik beti egin izan dut erdaraz rapa. 2015ean Aneguriarekin batera Trakamatraka abestia egin nuenean, kritika zorrotzak espero genituen arren, kontua ondo atera zen. Euskal rapa egiteari ekin nion orduan. Izan ere, ez zegoen euskaraz rapa egiten zuen emakumerik, eta oraindik ez da argitaratu rapa egiten duen emakume bakar baten diskorik euskara hutsean. Niretzako erronka izugarria izan da. Ikasketak euskaraz gin nituen arren, familia eta gertukoekin ez dut euskara erabiltzen eta urteak egon naiz euskaraz hitz egin gabe. Denbora horretan erraztasuna galdu dut, jakina. Baina egin behar zen eta egin dut. Oso pozik nago emaitzarekin, harro.
Duela pare bat urte hasi zinen euskarazko letrak idazten eta lan hau euskaraz argitaratu duzu osorik. Modu kontzientean egin duzu, gainera.
Bai. Hizkuntza bultzatzeko eta baita ere erakusteko emakumeok rapa egiten dugula eta rapa euskaraz ere egiten dugula. Azken finean, oso gutxi gara, gaur egun hiru edo, esango nuke. Erronka hori zen, hizkuntza zabaltzea, jendeari erakustea rapa euskaraz ere egin daitekeela, baita emakume izanda ere. Hizkuntza gutxitu baten borroka, herri bat eta bizitzeko era bat islatu nahi izan ditut lan honetan.
Kolaborazioak ere izan dituzu diskoan, guztiak emakumezkoenak.
Hori ere beste erronka bat izan da, rap munduan ez dauden emakume abeslariak nahastea. Maria Rivero eta Natalia Garmendia musikariak eta Oihana Bartra bertsolaria izan ditut lagun prozesu honetan. Niretzako garrantzitsua zen emakumeekin lan egitea, jendeak ikus dezan rapa egiten ez duten emakumeak elkartu ahal direla raparekin eta abestiak sortu.
Emakumea, sortzailea eta euskalduna. Raparen mundua gizonezkoa izan dela eta oraindik ere hala dela ikusita, bide profesionalean zailtasun asko topatu dituzu?
Egia esan, guztia dut! (Barreak). Zaila izan da, bai. 21 urte daramatzat rapa egiten eta hamar urtez horretan aritu den emakume bakarra izan naiz Euskal Herrian. Nire lehenengo diskoa emakume rapeatzaile baten lehenengo diskoa izan da, baita euskaraz egiten den lehena ere. Hip-hop musika oso maskulinoa eta matxista izan da beti eta arazo asko izan ditut, baina ni burugogorra naiz eta nire bidea egiten tematu naiz. Poliki-poliki baina gelditu gabe, gauzak atera dira.
Erreferente berriak sortzea da nire nahia orain. Emakume gazteek ikus dezatela nik lortu dudala eta beraz, posible dela. Gogoarekin eta indarrarekin oholtzara igotzeko presta zaitezkeela. Idazketa tailerrak ematen ditut eta hor hurbiletik ikusten dut. Gizonak zein emakumeak ditut ikasle, eta emakumezkoek gizonezkoek baino askoz hobeto idazten duten arren, ez dira ausartzen oholtzara igotzera. Estereotipo hori apurtu nahiko nuke. Txikia nintzenean oholtzara igo eta esaten zidaten lehen gauza beti izaten zen “ea zer dakizun egiten”. Gizonei, ordea, ez zieten horrelakorik esaten. Bizitzan emakumea izateagatik bi edo hiru bider frogatu behar duzu zerbait egiten dakizula, eta rapean, are gehiago.
Horregatik dira ezinbestekoak, beraz, erreferenteak.
Noski. Gazteek ikusi behar dute badaudela borrokan ari diren emakumeak eta saiatzea beharrezkoa dela. Agian gero konturatzen zara ez duzula horren gustuko, baina gutxienez oholtzara igo behar duzu. Izan ere, badugu zer gehitu mundu honetan, ikuspuntu berriak, adibidez.
‘Entzun’ musika atariak argitaratutako ‘Aho bete doinu’ liburuan egindako elkarrizketa batean aipatzen zenuen zure hastapenetan egiten zenuen musika maskulinizatu egin zenuela entzuleen onarpena lortzeko.
Oso gogorra nintzen hasieran, bai. Agian, gazteegi heldu nintzen parkera, raperoak zeuden tokira, eta indartu egin nintzen eurek bezala jokatzen, errespetua lortzeko. Denboraren poderioz, helduago egiten joan naizen heinean, erabaki dut nik nahi dudan moduan rapeatuko dudala. Orain letrak asko aldatu ditut, nagusiagoa naiz, askea eta nahi dudan gauzez hitz egin dezaket, nire flow hori nahi bezala zabalduz.
Badago rap feministarik?
Baietz esango nuke. Ni kaletik atera naiz eta feminismoa gero ezagutu dut. Eta, bestetik, badago jendea feminismotik rap musikara jo duena euren mezuak zabaltzeko, raparen bidez euren borroka indartuz. Kasu bietan, beraz, musikariak emakumeak izan arren, letrak, publikoa eta beste hainbat faktore ezberdinak izaten dira.
Nire letretan askatasunaren eta emakumeon inguruko gaiak topa daitezke, emakumea naizelako eta oso letra pertsonalak egiten ditudalako. Baina beste kontu batzuei buruz ere idazten dut, eta ez dut hain modu zuzenean lantzen feminismoa. Egia esan, etiketak ez zaizkit gustatzen, mugak jartzea dela irudi-tzen baitzait. Rap feminista, egon badago. Badago inguru feministetan bakarrik jotzen duen jendea, emakumeentzako, eta ondo iruditzen zait, baina ez da nire rolloa. Idazketa tailerrak, adibidez, gizon zein emakumeen-tzako ematen ditugu, uste dudalako gizonek ere jakin behar dutela zer den rapean emakume izatea.
Orokorrean rap eszenari buruz hitz egiten badugu, esango zenuke Euskal Herrian badoala bere lekua hartzen?
Badaude talde potente batzuk, Glaukoma edo 2zio, esaterako, eta horiek euskal rapa asko indartzen ari dira. Gero eta gehiago entzuten da rap musika, baina hedabideetan oraindik arraro samarrak gara eta emakumeen kasuan zer esanik ez, 2000 urte atzetik goaz. Euskal Herrian beti entzun izan da gehiago punka edo rocka, rapari oraindik kostatzen zaio lekua hartzea. Dena dela, poliki-poliki indartzen doala ikusten dut eta espero dut joera horrek bere horretan jarraitzea datozen urteetan ere. Gure momentua dela uste dut.
‘Musika’ hitza entzunda askatasuna omen datorkizu burura. Ze gai jorratzen dituzu zure letretan?
Oso rap pertsonala egiten dut, ezagutzen dudan gauzez hitz egitea gustatzen zait. Badago jendea raparen topikoak erreproduzitzen dituena, baina ez direnak euren benetako istorioaz ari. Nik nire bizitzako gauzen inguruan idazten dut. Askatasuna oso garrantzitsua da, adibidez. Pertsonarena, herriarena eta baita emakumeen askatasuna ere. Natalia Garmendiarekin Harrapakariak izeneko abestia ida-tzi dut disko berrian. Bertan, zutaz aprobetxatu nahi duten gizonen eta harrapakariaren istorioaren arteko paralelismoa egin dut: haragi zati bat naiz / kontuz harrapakari, bueltan naiz eta bihurtu naiz ehiztari. Letrekin jolastea gustatzen zait, baita “nik bota eta zuk ulertu nahi duzuna” joko hori ere, guk argi baitaukagu zer esan nahi dugun eta ulertu nahi duenak ulertuko du, ziur.
Zeintzuk dira zure planak datorren urterako?
Hainbat kontu ditut esku artean. Besteak beste, Bellas bestias deituko den proiektu berri bat hasiko dugu aurten. Youtube-ko kanal bat sortuko dugu eta bertan emakume artistei egindako elkarrizketak zintzilikatuko ditugu. Horrez gain, disko berri bat ere prestatzen ari naiz, euskarazko eta gaztelaniazko kantak izango dituena. Hori ere ia prest daukat jada. Asko kostatu zait euskara hutsezko diskoa sortzea eta batzuetan, desesperatuta nengoenean, erdaraz idazten nuen, neure-tzako. Beraz, esan daiteke bi diskoak egin ditudala paraleloki.
Non entzun ahalko dugu La Basuren musika?
Diskoa Suns Europe hizkuntza gutxituen musika jaialdian aurkeztu genuen, Italian. Euskal Herriko ordezkari gisa joan ginen eta bigarren postuan geratu ginen. Oraintxe hastear dugu bira Euskal Herrian eta, besteak beste, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean izango gara. Horren ostean kanpora ere joateko asmoa dugu: Madrilera, Bartzelonara, Frantziara? Urte gogorra izango da, gelditu gabe egotekoa eta lan askokoa, baina gogo itzela dut.