Elhuyar Barakaldoko (Bizkaia) BEC erakustazokan egiten den Umeen Gabonetako Parke erraldoian izango da lehenbiziko aldiz, eta haur eta gazteentzako zientzia-eta teknologia-jarduerak eskainiko ditu. Ekintza hauek STEAM Gunean egingo dira, larunbat honetatik, abenduaren 14tik, 2025eko urtarrilaren 5era. Gunea Jaurlaritzaren STEAM Euskadi arloaren eta Innobasque agentziaren laguntzarekin sortu da.
STEAM Gunean egingo diren tailerren helburu nagusia zientzia eta teknologiarekiko interesa sustatzea da, esperientzia dinamiko eta praktikoen bidez, baita pentsamendu kritikoa, sormena, arazoen ebazpena eta talde-lana bezalako gaitasunak bultzatzea ere, eta tailerrak ez ezik, ginkanak eta ikuskizunak ere izango dira, Elhuyarretik jakinarazi dutenez.
Tailerrei dagokionez, Bio-polimeroak, Natura mikroeskalan, Argia eta hologramak, Minirobot lasterketak, 'Lurreratze-egiturak', 'Termopolimeroak' eta 'NFC etiketak' tailerrak egingo dira.
STEAM ginkanetan, ordea, parte hartzaileek denetariko zientzia eta teknologia erronkak gainditu beharko dituzte, eta, azkenik, adin guztiei zuzendutako hiru ikuskizun ere izango dira: 'Huts-ponpa', 'Elektrizitatea' eta 'Kimika ikusgarria'.
Tailer eta ikuskizunen gidari guztiak emakume ikertzaileak izango dira, zientziaren eta teknologiaren etorkizuna ordezkatzen duten emakumeak, hain zuzen ere, "erreferenteak ezinbestekoak direlako belaunaldi berriak inspiratzeko eta STEM diziplinetan interesa sustatzeko".
"Emakume zientzialarien parte hartzeak, genero estereotipoak hausteaz gain, STEMen lan egiteak esan nahi duenaren irudi hurbila eta errealista ere ematen die parte hartzaileei", nabarmendu dute Elhuyarretik.
Azkenik, gailu mugikorretarako 'Action Bound' aplikazioa erabiliz, Umeen Gabonetako Parkeko atrakzioen inguruko ginkanan parte hartu ahal izango dute DBHko gazteek. Horretarako, atrakzioetan jarriko diren QR kodeak eskaneatu eta galderari erantzun beharko diote. Ginkana osatuz gero, XXS 360 atrakzioan ibiltzeko 'Pase Express'-a lortuko dute.