- Euskal artea euskaraz zergatik ez? Eta zergatik ez euskararen inguruko euskal artea? Galdera horiei erantzuteko eta euskararen inguruan euskal artea bultzatzeko, Oihaneder Euskaren Etxeak, Laboral Kutxaren babesarekin, hiru lanez osatutako erakusketa antolatu du: Zaloa Ipiñaren Gorreri bisuala, Alfredo Hernandezen Hitz birziklatuak, (Zirika bezala ezagunagoa); eta Bigararen Abere Ba, palindromo ilustratuen piztegia. Hilaren 5etik 28ra egongo da zabalik eta doako sarrera izango du.

“Sei urte egingo ditugu Oihaneder Euskararen Etxean, eta urtero lan handia ematen digun erakusketa bat ekartzea gustatzen zaigu, baina gustura egiten duguna”, azaldu zuen aurkezpenean Iñaki Lazkano Oihaneder Euskararen Etxea programazio-arduradunak. Oraingo honetan, Oihanederretik euskarazko hiru hausnarketa artistikoren aldeko apustua egin dute: “Oihanederren antolatu dugun erakusketa honek ikusarazi nahi du artearen munduan ere hizkuntza bera, gure kasuan euskara, lanerako materiala bilakatzen dela: aldarrikatzeko, jolasteko eta zentzumenak pizteko”, erantsi zuen Lazkanok.

Bestalde, Zaloa Ipiña artistak azaldu zuenez, bere lanean hizkuntza gutxituak nola eta zergatik desager-tzen diren azaltzen saiatu da, baita bizitza osoa euskaraz egiteko “ezintasun” hori zergatik dagoen azaltzen ere. Bere artearekin eta obrarekin, irakurketa bisualak sortu ditu euskara egungo minorizazio-egoeran egotera eraman duten arrazoi historikoei buruz, bai eta hizkuntza bat hiltzera eraman dezaketen zenbait alderdi sozial edo soziolinguistikori buruz ere: “Benetan zaila da ekintza artistikoa hizkuntzatik bereiztea. Ez da bakarrik artistok hizkuntza idatziaz edo ahozkoaz baliatzen garelako gure lanak gauzatzeko; izan ere, sorkun-tza artistikoa pentsamendurik gabe ulertu ezin den bezala, pentsamendua ezin da hizkuntzatik bereizi. Baina zenbatetan da hizkuntza bere ikerlana ikusizko arteetan?”, galdetu zuen. Ildo beretik, artistak azaldu zuen bi urte inguru daramatzala lan honetan lanean, eta artistek euskararekin zor bat dutela uste duelako egin duela.

Alfredo Hernandezek Hitz birziklatuak lanarekin erregistroa aldatu eta naturatik atera da, hausnarketarako gonbita egiten duten beste istorio batzuk azaltzeko. “Nire natura-artelanek hormara egindako jauzia aurkezten dute lan hauek. Esanahiaz haraindiko beste ezaugarri batzuk hartzen dituzten hitz birziklatuak, beste ikuspegi batzuetatik ikusitako hitzak eta istorioak kontatzen dituzten instalazioak: hausnarketarako gonbita egiten dutenak, aldarrika-tzaile bihurtzen direnak, eta umorera ere hurbiltzen gaituztenak”, adierazi zuen Oihanederren egindako aurkezpenean. Gainera, poesia bisualaren barruan eroso sentitzen zela adierazi zuen. “Normalki, naturan topatu dut lasaitasuna. Aurkeztutako proiektua berria da, Oihanederreko hormetarako eginda”.

Abere Ba palindromo ilustratuen piztegia bestiario klasikoen antzera, testu, hitz eta hizkien bilgunea da. Etxekotua izan nahi ez duen piztia multzoa. Animalia bakoitzaren izenaren baitan, atzerakada, beste hitz bat ezkutatzen da. Hizkiak animalien itxuran oinarri-tzen dira eta ez dirudi hau kasualitatea denik”, azaldu zuten. Erakusketa honetan animalien izenarekin eta atzerako izenarekin jolasten dute ezkutuko hitza aurkitzeko. Bere sor-tzaileek, Itziar Aranburu eta Jon Ander Garciak, adibide honekin azaldu zuten: “Abere palindromoak, aberearen izena, eta alderantziz testu ispilu palindromikoa osatuz, izenburu moduan”. Edukiera mugak direla eta, aurkezpen honetarako gonbidapena eskuratzea beharrezkoa izango da (oihaneder@oihaneder.net helbidean, Bibe plataformaren bidez edo 615.986.832 telefonora deituz).