Gasteizko Udaleko Espazio Publikoaren Sailak 363 zuhaitz landatuko ditu Goikolarra auzoan, udal gobernu bilerak lanak ostiralean esleitu ondoren. Lanak lau hilabete iraungo dute, eta landatuko diren zuhaitzak "kalitatezkoak" izango direla esan du Udalak, hobeto haz daitezen, itzal handia eman dezaten eta ingurumeneko onurak ekar ditzaten, hain justu.
Lanak lau hilabete iraungo dute, eta landatuko diren zuhaitzak "kalitatezkoak" izango direla esan du Udalak
Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez, Goikolarra da biztanle kopuruari dagokionez gehien hazten ari den hiriko auzoetako bat, baina ia ez du zuhaztirik bere espazio publikoan.
Beatriz Artolazabal Gasteizko alkateorde eta Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziaren hitzetan, auzoko urbanizazio lana egin zutenean, "espaloiak, oinezkoentzako pasealekuak eta parkeko jolas eremuak zuhaitzik gabe utzi zituzten eta, horren ondorioz, ia ez dago itzalik toki horietan. Orain, eta Bizilagunen Elkarteak egindako eskaerei erantzunez, gabezia hori konponduko dugu zuhaitzen eta zuhaixken ia 400 landare jarrita".
Balorazioa
"Aleak kalitate handikoak izango dira, ondo hazi daitezen, klima aldaketaren eraginak jasateko gai izan daitezen eta itzalgune eta ingurumeneko onura handiak ekar ditzaten. Izan ere, zuhaitzek kaleetako tenperatura gutxitzen dute, hiri inguruneko bioaniztasuna aberasten dute, pertsonen osasunerako onuragarriak dira eta, gainera, ikuspegi ekonomikotik, eremuaren balioa handitzen dute atseginago bihurtuta", esan du Artolazabalek.
Hala, Gasteizko Udalak 333 zuhaitz (29 espezie) eta 30 zuhaixka (10 espezie) landatuko ditu guztira.