Euskadiko Filmategiak antolatzen duen Euskal emakume zinemagileak zikloaren laugarren edizioan 1970eko hamarkadaren amaieran eta 1980koaren hasieran jaiotako emakumezko zuzendarien 11 film emango dira urritik azarora, eta egileek beraiek hautatutako dokumentalak eta fikzioak izango dira ikusgai Donostiako Tabakaleran eta Gasteizko Artiumen. Egileetako gehienek beren lanak aurkeztuko dituzte bi hirietan.

Antolakuntzatik jakinarazi dutenez, zikloa hasteko, euskal kulturaren hiru figura garrantzitsuren erretratuak izango dira. 'Señales de vida: Nestor Basterretxea' (Gentzane Martínez de Osaba eta Alejandro García de Vicuña, 2014) lanak eskultore bermeotarraren bizitza eta obra erakutsiko ditu.

Era berean, Maider Oleagak elkarrizketa bat proposatuko du Elbira Zipitria ikastolen bultzatzailearekin 'Muga deitzen da pausoa' (2018) obran, eta Ainhoa Urgoitiak eta Enrique Reyk Eulalia Abaitua argazkigintzaren aintzindaria nor izan zen erakutsi du Norberaren gela (2021) lanean.

Dokumental "pertsonalagoak" ere badaude zikloan, hala nola Bost minutu (Amaia Nerekan, 2021), Galiziako kartzela batean preso dagoen aita bat emaztearengandik eta semearengandik bereizita nola bizi den erakusten duena; Arantza Santestebanen 918 gau (2021), non egileak bi urte eta erdi kartzelan emateak eragin zizkionak kontatzen dituen; Zarata (2023), non Tamara Garcia Iglesiasek bi lagunen erlazioak erakusten dituen, eta amatasunaren erretratu zehatza egin eta sari asko jaso dituen Alauda Ruiz de Azuaren Cinco lobitos (2022).

Bi istorio kolektibo ere programatuko dira: Nosotras, mujeres de Euskalduna (Larraitz Zuazo, 2016), Euskalduna ontziola ixtea saihesteko borrokari buruzko filma, eta Cabeza y corazón (Ainhoa Andraka eta Zuri Goikoetxea, 2021), gurpil aulkian dabiltzan emakumeen Espainiako saskibaloi ekipoari eta 2020ko Joko Paralinpikoetarako lortu zuten sailkapenari buruzko dokumentala.