Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak 23 milioi euro inbertituko dituzte Bidasoko bloke kirurgiko berriaren proiektuan, Irun eta Hondarribiko biztanleentzako asistentzia sanitarioa hobetzeko asmoz. Hain zuzen, 11 milioi euro bideratuko dituzte bloke kirurgiko berria eraikitzera, eta gainerakoa goi-teknologiako ekipamendua eskuratzera.

Ildo horretan, Osakidetzak lizitaziorako atera du bloke kirurgiko berriko obretarako proiektuaren idazketa. Lanak aurtengo azken hiruhilekoan hasiko dira eta 24 hilabeteko egikaritze epea izango dute, Osasun Sailetik jakinarazi dutenez.

Hala, Osakidetzak Alarde kaleko lokalak gaitzeko eta birmoldatzeko proiektuaren idazketa esleituko du aurki, 2026ko udan pediatria bertan kokatzeko

Bloke kirurgiko berria eraikitzeak %50 handituko du erietxearen jarduera kirurgikoa, eta hori da, hain zuzen ere, Osasun Sailak eta Osakidetzak Bidasorako Osasun Plan Integralarekiko duten konpromisoetako bat, herritarrei ematen zaien osasun arreta modernizatu eta hobetzeko ospitale eremuan zein Lehen Mailako Arretan.

Horretarako, osasun zentro berriak eraikiko dira Irun Erdialdean eta Oinaurre auzoan, eta, datozen urteetan, guztira, 50 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egingo da Gipuzkoako eskualde horretan.

EUSKO JAURLARITZA

Plan hori Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren estrategiaren parte da, Bidasoan asistentzia sanitarioa sustatzeko, eta horrela herritarrek gehien behar dituzten zerbitzuak berrezartzeko eta finkatzeko. Hala, Osakidetzak Alarde kaleko lokalak gaitzeko eta birmoldatzeko proiektuaren idazketa esleituko du aurki, 2026ko udan pediatria bertan kokatzeko, ondorioztatu dute Eusko Jaurlaritzatik.