Vital Fundazioak eta Gasteizko Udalak Plastikorik ez kanpaina jarri dute martxan, "are festa jasangarriagoak" lortzeko asmoz. Kanpainari esker, erabilera bakarreko plastikozko edalontzien ordez berrerabilgarriak eskuratu ahalko dituzte herritarrek, eta horretarako beharrezko baliabideak emango zaizkie ostalaritza establezimenduei.
Orain arte, 85 establezimenduk egin dute bat ekimenarekin, 2023an 65 izan ziren bitartean (%30 gehiago); epea zabalik dago oraindik bat egin nahi dutenentzat, kanpainaren erakunde sustatzaileek jakinarazi dutenez.
Jaiegunetarako edalontzi berrerabilgarriaren aldeko apustua 2019an egin zen lehen aldiz. 2022an, Gasteizek 95.000 tona hondakin sortu zituen eta %6 modu selektiboan bildutako plastikozko ontziei zegozkien (6.300 tona).
Borja Rodriguez Gasteizko Udaleko Ingurumen zinegotziak laugarren edizioan ekimenari atxikitako lokalen kopuruak izandako "hazkunde handia" nabarmendu du, eta gogorarazi oraindik kanpainak irekita jarraitzen duela eta lokal gehiagok parte har dezaketela.
"Ia ehun negoziok bat egin dute jai iraunkorren aldeko ekimen honekin, eta horrek argi uzten du gasteiztarrak erabat kontzientziatuta daudela edalontzi berrerabilgarriak erabiltzeko beharrarekin, eta gero eta plastikozko hondakin gutxiago sortzeko konpromiso irmoa dutela", azaldu du.
Bestalde, Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazioko zuzendariak ziurtatu dunez, "edalontzi berrerabilgarriak erabiltzea funtsezkoa da ingurumen inpaktua murrizteko, berriz erabil daitekeen edalontzi bakoitzak erabilera bakarreko plastikozko bost edalontzi baino gehiago kontsumitzea saihesten duela uste baita. Horrek esan nahi du jaietan hondakin tonak sortzea saihestu dezakegula eta, horretarako, ezinbestekoa dela herritarrak eta ostalaritza sentsibilizatzea kanpaina honekin".