Kultura Zerbitzuak jardueren egitarau anitza prestatzen du urtero Eguberrietan. Aurten, 2024an, herritarrek "atseginez jaso dute eskaintza"; izan ere, kopuruak ikusita, arrakastatsuak izan direla esan daiteke.

"Programazioaren eta izandako harreraren inguruko balorazioa abenduaren 24ko ekitaldietatik hasiko dugu", azpimarratu zuten Gasteizko Udaletik.

Egun horretako protagonistak Olentzero, Mari Domingi eta bisitan doazen neska-mutilak izaten dira. Goizez, mila lagun inguru joan ziren udaletxera harrerak iraun zuen 5 orduetan Olentzerori eta Domingiri gutunak ematera eta kaixo esatera.

Arratsaldez, desfileak ohiko ibilbidea egin zuen eta San Migeleko balkoitik egin zuten berriro ere amaierako agurra. 2024koa bihurtu da gogoan ditugun Olentzeroren eta Mari Domingiren desfile guztien artean jende gehien bildu duena. Izan ere, ibilbidean zehar, eta Andre Maria Zuriaren plazan, bi aldeetako espaloiak jendez beteta egon dira.

Jai hauetako beste hitzordu nagusietako bat errege magoekin lotutakoa da. Ohikoa denez, urtarrilaren 5eko goizean, errege magoak tren-geltokira iritsi ziren. Lehen ekitaldi horretan milaka haur eta familia bildu ziren eta, lehen harreman haren ostean, Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek udaletxeko balkoitik agur egin zieten bertaratutakoei.

Jende gehien biltzen duen ekitaldietako bat da Goiuri jauregian egiten den harrera. Bertan, errege magoek 6 orduz egin zieten harrera bertaratutako milaka lagunei (haietako batzuk goizeko 06:00ak baino lehenagotik zeuden ilara egiten).

Jaiotza

Errege magoen zamalkadak ohiko ibilbidea egin zuen berriro ere. Eguraldi hotza, baina lehorra izan zuten bertaratutakoek lagun eta, berriro ere, horixe bihurtu zen Gasteizen urte osoan zehar jende gehien biltzen duen ekitaldia (Zeledonen jaitsieran baino gehiago). Izan ere, bertaratutakoek espaloietako bi aldeak erabat bete zituzten segizioak egindako 3 kilometroetan zehar.

Protagonista magiko horiek albo batera utzita, musika izaten da Eguberrietako giroa sortzeko oinarrizko beste elementuetako bat. Abesbatzen Arabako Federazioak 28 kontzertu eskaini ditu Gabonetan eta publikoaren arrakasta handia izan dute. Horiei, gainera, hiria zeharkatu duten 10 musika-bandak eta txistularien eta gaita-jotzaileen 6 taldeak gehitu behar dizkiegu. Erraldoien eta buruhandien konpartsak ere berriro ere desfilatu zuen abenduaren 31n kalejira berezi batekin urtea agurtzeko. Ekitaldiak Gasteizko txikienengandik oso harrera ona jaso zuen.

Gasteizko Gabonetako beste funtsezko elementuetako bat izaten da Floridako jaiotza monumentala. Aurten, gainera, toki hori zorionekoa da hainbat arrazoi direla eta. Lehenengo eta behin, ez delako jazoera aipagarririk gertatu; eta bigarrenik, ezarritako berrikuntzek herritarren aldetik harrera ona izan dutelako. Horietako bi dira, adibidez, haitzuloko argiztapen berria (Misterioaren irudia eta girotzea nabarmen hobetu ditu) eta baserritarren garai bateko irudia berreskuratu izana. Aurten, herrixkako eremu horretan ikusgai dauden ofizioak osatzeko, tela-saltzaile bihurtu dute irudi hori. Olentzeroren eta Mari Domingiren etxeak ere arrakasta izan du eta postontzian ehunka gutun jaso dituzte.