Ia 40 milioi euro aurrez ikusi ditu udal-gobernuak bere aurrekontu-proiektu baitan pertsonaleko gastu gisa Udaltzaingorako, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuarentzako (PSISZ) eta Trafiko Zerbitzurako. Hiru sail horiek premisa bera dute komunean: segurtasun publikoa batez ere lan horietara bideratutako giza baliabideek eskaintzen dute.

Hori dela eta, apustu ekonomiko nagusietako bat izango da neurri ugariren bidez langileria handitzea eta indartzea. Alde batetik, mugikortasuneko agenteen kolektiboa sortzeko izapidetzeak jarriko dituzte abian. Gainera, Udaltzaingoko langile kopurua handituko dute hutsik dauden postuak betetzeko eta oinarrizko eskalako 20 agente-plaza berrirekin (gutxi gorabehera) lanpostuen zerrenda handitzeko egingo duten enplegu publikoaren eskaintza bateratuaren bidez. Aldi berean, PSISZen enplegu-eskaintza publikoa deituko da langileria kontsolidatzeko.

Langileen gastuak albo batera utzita, Segurtasun Sailerako 2024ko aurrekontu-proiektua 3.835.000 eurokoa izango da. Zenbateko horren % 40 inguru trafikoa kontrolatzeko eta semaforoetarako sistemak mantentzera bideratuko da.

Inbertsioen arloko apustu handietako bat izango da ibilgailuak (poliziarenak zein Suteak Itzaltzeko Zerbitzuak erabiltzen dituenak) eta bi kolektibo horien ekipamendu profesionalak berritzearekin lotutakoa. 782.000 euro bideratuko dituzte horietarako. Legealdi honetarako Sailak onartutako beste ildo estrategikoetako bat izango da informatikako eta telekomunikazioetako sistemak berritzearekin lotutakoa. Horretarako, 372.500 euro bideratuko dira (zenbateko handiena Udaltzaingora bideratuta).

2024ko aurrekontuan, gainera, protagonismo berezia izango du kamera mota ugari erosteak (bideozaintzakoak poliziaren lanerako, trafikoa kontrolatzekoak bide-segurtasunerako eta Emisio Baxuko Eremuak mugatzeko matrikulak modu esklusiboan irakurtzeko gai direnak). Kamera horiek erosteko eta haien kudeaketa-sistemak martxan jartzeko, guztira 310.000 euroko inbertsioa egingo du Sailak.

TUVISAren aurrekontuari dagokionez, Gurtubaik nabarmendu du 10 autobus elektriko berri erosiko dituztela. Horretarako, 2024ko ordainketa-kredituarekin 4 milioi euro kontsignatu dituzte, eta konpromiso-kredituaren arabera beste 4 milioi euro 2025erako. Era berean, zerbitzuen digitalizaziorako inbertsio berriak egingo dituzte Europako funtsei esker. 447.000 euro aurrez ikusi dituzte lan horietarako.

Gainera, 2024an, garraio-txarteletan eta abonamendu-tarifetan % 50ko hobaria ematen jarraituko dute eta aurrekontu-erreserba aurrez ikusi dute horretarako.