Tokiko Gobernu Batzordeak gaur onartu du enplegu eta ekonomia-sustapen arloko 200.000 euro baino gehiagoko inbertsioa. Lehenengo eta behin, ADSIS Fundazioarekin, Vital Fundazioarekin, Fundación Diocesanas-Jesús Obrero Fundazioa-Egibiderekin eta Gasteizko Elizbarrutiarekin bideratuko duen lankidetza-hitzarmena onartu du. Horren bidez, 2023-2024 ikasturtean Gasteizen garatuko den Hazia 23 programaren zortzigarren edizioa antolatuko dute.

Hitzarmenaren helburua da 23 urte baino gutxiago dituzten langabetuak lan-munduratzeko neurri espezifikoak bultzatzea. Dena den, salbuespen gisa, prestakuntzarik edo lan-esperientzia esanguratsurik gabeko 30 urte arteko pertsonak ere sar daitezke beste prestakuntza- edo enplegu-sistematan txertatuta ez badaude.

Udalak 50.000 euroko ekarpena egingo du, eta Vital Fundazioak, aldiz, beste 50.000 eurokoa proiektu horretarako.

Hitzarmena SEArekin

Era berean, Tokiko Gobernu Batzordeak hitzarmena adostu du SEA Arabako Enpresariak elkartearekin Gasteizen ekonomia eta enplegua sustatzeko jarduerak aurrera eramaten laguntzeko.

Gasteizko Udalak 72.400 euroko ekarpena egingo dio Arabako erakundeari hainbat ekimen finantzatzeko: orientazio profesionaleko eta laneko bitartekaritzako jarduerak, sektore mailako prospekziorako eta azterketa orokorrerako ekintza espezifikoak gaur egun Udalaren jardueran lehentasuna diren kolektiboetarako, eta Gasteizko Udalak logistikarekin eta industriarekin lotutako prestakuntza duten pertsonei harrera egitea.

Gainera, SEAk ostalaritza eta hotelen sektorea dinamizatzeko ekintzak bideratzen ditu, “Ezagutu Gasteiz”kanpaina bultzatzen du eta Industry Day izeneko topaketa antolatzen du.

Ekarpenak

Bestalde, Tokiko Gobernu Batzordeak Arabako Eraberrikuntza Industrialdearen (BIC Araba) alde 66.388,85 euroko udal-ekarpena onartu du Gasteizko Udalak bertan duen partaidetzari dagokion zati proportzionala estaltzeko.

Horrez gain, Tokiko Gobernu Batzordeak Arabako Teknologia Parkearentzat 34.465 euroko ekarpena egitea onartu du haren kapital-zabalkuntza egiteko. Bazkide diren beste erakunde batzuek egindako ekarpenak honako hauek izango dira: SPRIk 1.476.383 euro eta Araba Garapen Agentziak 489.098 euro.