Miren Agur Meabek gazteengan pentsatuta landu du bere azken nobela: Itzulerak. Azken lan horretan, XVI. Mendeko Martija de Jauregi sendagilea ezagutzeko aukera izango dute irakurleek. XXI. mendean bizi den Katalin gazteak iraganera egingo du salto, eta laurehun urte atzera eginda, XVI. mendean agertuko da. Martija de Jauregi emagina ezagutu, eta haren eskutik ikasiko du sendagile ofizioa.

Martija de Jauregi da ‘Itzulerak’ liburuko protagonistetako bat. Nola izan zenuen haren berri?

Lagun batek pasatutako liburu baten bidez ezagutu nuen Martija, Baginen (Cira Crespo eta Elene Ciordia) liburuan. Ikusirik Martijaren aitita medikua izan zela nire jaioterrian, Lekeition, 1542. urte inguruan, Martijaren bizitza irudikatzeko bulkada sentitu nuen. Dakigunez, Nafarroan bizi izan zen, Uharte-Arakilen, erbesteratua izan arte, hainbat epaiketa eta zigorren ondoren. Emagina zen eta sendabelarrekin lan egiten zuen.

Historiako liburuetatik ezabatutako emakumeetako baten irudia balioetsi nahi izan duzu? 

Historiaren bazterretan emakume mordoa geratu da ahaztuta edo aitor-tzarik jaso gabe. Azken hamarkadetan ahalegin zabala egin da haien ekarpenen berri emateko, esparru askotan: literaturan, zientzian, artean… Kasu honetan, hainbat jenderi eta, bereziki, emakumeei lagundu zien emakume horren bizitza aldarrikatu nahi izan dut, irudimenaren bitartez. 

Emagina izan zen Martija, eta, haren bitartez, emakumeek eta sendagileek orduan zituzten mugak ere jorratu dituzu.

Historian zehar gauzatu diren emakumeen kontrako jarrerei buruz pentsaraztea izan da helburuetako bat. Hala ere, ez nuen “sorginei” buruzko liburu bat idatzi nahi, normalean ulertzen dugun zentzuan. Badirudi Martija zigortzearen kausa nagusia intrusismo profesionala izan zela. Martija ez zen eskolatua izan -analfabetoa izango zen - eta hori ez zuen ontzat hartzen orduko medikuntzaren botere arautuak. 

Zelakoa izan da Martija de Jauregiri buruz dokumentatzea? 

Ez dago gauza handirik. Berari buruzkoak Baginen liburutik eta Auñamendi entziklopediatik jaso nituen. Ez naiz ikerlaria, eta fikzio bat idatzi dut, neure gogara baina informazioa errespetatuta. 

Emaginari buruz kontatu nahi izan duzun guztia jaso duzu?

Kultura Sailaren sormen-laguntzetara aurkeztutako egitasmoan 30 atal aurreikusten nituen, eta liburuak 70 atal ditu. Atera kontuak. Istorioak beti eskatzen zidan gehiago, baina azken puntua ipini behar nion. Inoiz ez da guztiz amaitzen liburu bat, argitaratu eta gero ere elkarrizketan jarraitzen dugu sortu dugunarekin.

Garai bateko ezaugarriez ohartarazi nahi izan duzu irakurlea?

Gazteak Aro Modernoaren konplexutasunaz jabetzea nahi nuen: Amerikako merkataritza eta itsas espedizioak, aurkikuntza berriak, erlijio-gerrak, zientziaren eta herri-jakin-tzaren arteko lehia, eta abar. Pertsonaietako batek, Gontzalek, efemeride garrantzitsuenen zerrenda bat egiten du nobelan, nik ere kontuan izan behar nuena, testuingurua giro-tzeko. 

Bi pertsonaien arteko harremanean sakondu duzu. 

Harreman estua sortuko da bien artean, maistra-aprendizarena ez ezik, baita ama-alabena ere. Baina nobelan pertsonaia asko ageri dira, esaterako, XXI. mendeko Garraitzetan Katalinen ama Miriam eta Gon-tzal neba, eta Estefana, XVI. mendetik heldutako nerabea. Garraiçeta zaharrean, berriz, Zarandona jauntxoa, familia eta zerbitzariak. Eta mosaiko batean legez, denetarikoak: sasoiko bizimodua ordezkatuz, Pedro Laborda benteroa, Antya iragarlea, Jakoba Basokoa, Jehuda Bildotsa judua, Fidelio alkimista eta Sertuxa fraidea… 

Nobela zortzi ataletan eta azpiatal askotan banatu duzu. Erritmo arina mantendu nahi izan duzu?

Bai, narrazioari tira egiteko. Irakurle gazteak izan ditudalako buruan batez ere, nahiz eta jende heldua ere gustura irakurtzen ari den. Bidaia bat kontatzen da, oinez egindako bidaia geografiko, emozional eta espiritual bat. Beraz, etapa labur eta askotan egituratu behar nuen istorioa.

Deskribapenei eta poesiari lekua eskaini diezu, zure ukitua eskainiz. 

Nire asmoetako bat, edozein liburutan, maila estetikoaren eta maila narratiboaren arteko oreka lortzea izaten da. Horretarako, bitarteko egokiak iruditzen zaizkit deskripzio neurtuak, hiztegi zabala eta baliabide poetikoak.

Eta sineskerak edo herri kantuak nahastu dituzu. 

Superstizioa eta fedea elkarren ondoan bizi ziren mundu antzinako horretan, ezin falta lamiak, herensugea edo orein bihurtutako neskatxa. “Denboraren denboran” gaude. Horregatik jarri dut sarreran J. Sarrionandiaren Lili bat poema, Mikel Laboak kanta bihurtutakoa; batetik, protagonistek landareak ezagutzen zituztela adierazteko, eta, bestetik, narrazioaren irrealitatea iradokitzeko.

Estilo eta tematika honi helduko diozu hurrengoetan?

Gauza bat da estiloa, guztiz itsatsita duguna, geure marka, eta beste bat tematika, erabat zabala izan daitekeena. Orain, umeentzat idazteko gogoa daukat gehienbat, baina ezinezkoa zait aurretiaz zehaztea zer eta zelan egingo dudan.

Martija eta Katalinen abenturak idazten gozatu duzu?

Martija maitatzen hasi nintzen (nire azken poema-liburuan bada poema bat berari eskainia) eta gero eta maiteago izan dut bere historia asmatu ahala. Istorio hau idatzi behar nuela sentitzen nuen eta egin dut. Ez da gutxi.