Memoria ariketa bat. Horrela deskribatzen du Patxi Zubizarretak (Ordizia, 1964) bere azken liburua. Izan ere, Paco Miangolarraren izena eta izana arakatzen jardun da Zubizarreta azken hiru urteetan. Figura erabat ezezaguna izan da orain artean Paco Miangolarra, eta ahanzturatik askatzeko ahalegin horren emaitza da Sakonean, itsasoa ikusten da lana.
Joserra Senperenak Eva Miangolarrarekin izandako elkarrizketa batetik abiatuta, Paco ezagutzen zutenak elkarrizketatuta ondu du liburua idazleak. Garai baten zein familia oso baten erretratu poliedrikoa da emaitza.
Joserra Senperenak Eva Mingolatarrekin Herri Gogoa diskoetxeari buruz edukitako elkarrizketa batetik abiatzen da liburua osatzeko ideia. Enkargu bat izan da liburua?
Joseba Senperenak ezagutzen zuen miangolatarren iloba bat: Eva. Elkarrekin zenbiltzala kalean komentatu zuen Joserrak ze misterioa zen garai hartan, 70eko hamarkadan, diskoak atera izana zentzura nagusi zen giro hartan. Evak esan zuen bere osabak grabatu zituela disko horietako batzuk. Joserrarekin hainbat gauza egin ditut eta berari otu zitzaion nik iker nezakeela miangolatarren historia.
Herri Gogoa (1967-1981) diskoetxe klandestinoaren nondik norakoekin hasten da jaiotzen ‘Sakonean, itsasoa ikusten da’ liburua. Zer pisu zuen diskoetxeak 70. hamarkadako Euskal Herrian?
Herri Gogoa 1967an sortu zen, alegia, Euskal Herria partitura faltan zegoen garaian. Aurretik, artistak, kantariak, elkartzen ziren Donostiako Aurrera tabernan eta Benito Lertxundik kontatzen du Pacori esaten ziotela diskoetxe bat edo egin beharko zutela, Bartzelonara joaten baitziren diskoak grabatzera.
Pacok baiezkoa eman zien, lagunduko ziela esanez. Etxebizi-tza klandestino bat sortu zuen, bere etxebizitza propioaren gainean eraiki zuen diskoetxea. Intsonorizatu zuen eta bizilagunek ere ez zekiten han diskoak grabatzen zirenik. Bertara joaten ziren Xabier Lete, Lourdes Iriondo, Xalbador, Antton Valverde… Musikariak sar-tzen ziren eta diskoak grabatzen zituzten han. Hor sortu zen partitura.
Sortu zen Herri Gogoa. Iñaki Beobide izan zen lemazaina, itsasontzi hori gidatu zuena. Paco beti atzean, beti laguntzen, beti prest. Ezer jakin gabe, oso modu amateurrean sortu zuten diskoetxe bat.
“Oso jende gutxik ezagutzen du Pacoren figura; pertsona erasginkorra zen baina erabat ezezaguna”
Miangolatarrei buruz, bereziki Paco Miangolatarrari buruz, dihardu kontakizunak. Ba al zenuen haren berririk liburua idazten hasi baino lehen?
Arrastorik ere ez nuen, eta Joserrak ere ez. Oso jende gutxik ezagutzen du Pacoren figura. Donostian sekulako presentzia izan zuen, baina oso pertsona apala izan zen. Eraginkorra, baina erabat ezezaguna. Kultur mezenasa zen, baina erabat isila eta diskretua. Berak ahalbidetu zuen beste izen batzuk ezagutzera ematea, baina inork ez du izan haren berri.
Baina, era berean, elkarrizketekin osatutako liburua da, beraz, norbaitek (gutxi batzuek) bazuten bere berri...
Bai, hori da. Antton Valverde, esaterako, diskoetxean buru belarri ibili zen eta anekdota asko zeuzkan; asko maite zuen Paco. Eugenio Ibarzabal kazetaria eta idazlea ere oso hurbiletik ibili zitzaion. Diskoetxea itxi zutenean bi anaiek bultzatu zuten Garaia izeneko aldizkari bat, politika eta gizarte gaiak lantzen zituena. Bertan egon zen Eugenio Ibarzabal kazetari eta zuzendari.
“Pacoren garaiaren postal latza bihurtu da liburua, baina, era berean, motibazio handikoa”
Liburua osatzeko lehen hari muturra Herri Gogoa diskoetxea izan zen, baina Pacoren figura poliedriko bat egin duzu…Hain zuzen, figura osatu bat, ezta?
Bai, hori da. Bibliografia faltan gainera, elkarrizketa izan da bide nagusia. Esaten dute pertsona bat ezagutzeko behar dela elkarrizketaren distantzia: ikusteko nola hitz egiten duen, nola mugitzen dituen eskuak, izateko modua antzemateko…
Elkarrizketa horien bitartez, garai baten berri ere izan dugu. Elkarrizketekin batera hainbat liburu irakurri ditut, baina Paco historian ez da agertzen, figura ezkutua da. Liburua bihurtu da bere garaiaren postal latza; baina, era berean, motibazio handikoa.
Pacoren figuraren nabarmentze bat dago, baina izenburutik hasita, ‘Miangolatarren uberan’ adierazten da familia osoak duela pisua eta zeresana…
Paco da familiaren isla, eredua; eta, era berean, miangolatarrak dira orduko familia askoren isla. Oso ondo jasotzen dute garai hartako Euskal Herriaren egoera: erbestea, erbestearen mina, itzulera. Bizkaian sortu ziren, Gernika inguruan. Bertatik Bilbora joan ziren, eta Bilbotik Donostiara. Donostian gerrak harrapatu zituen; eta orduan alde egin zuten Baionara, ondoren Parisera eta azkenean, Caracasera. Poliki-poliki abiatu zuten itzulera ondoren.
Garai baten kronika egitera eraman zaitu liburuak diozu, baina hamarkada asko igarotzen dira liburuan, hainbat garai, giro eta leku…
Kronologikoa da 1925ean Gernikan sortzen direnetik 1981ra arte, Herri Gogoa diskoetxea ixten dutenera arte. Garaiak daude liburuan, eta horregatik bihurtzen da memoria ariketa bat. Bizimodu honetan oso azkar goaz, eta ez dugu hartzen denborarik elkarrizketaren distan-tziaz gozatzeko, komunikatzeko. Azkartasuna lotuta dago ahanzturarekin. Eta, aldiz, zerbait gogoratu nahi dugunean polikiago goaz. Memoria ariketa bat egiteko gelditu egin behar da, hitz egin behar da eta dakitenei entzun.
Askotan itsutu egiten gaitu egunerokotasunak eta ez dugu egiten ariketa existen-tzial hori: ikasi eta ikusi nola bizi izan ziren gure arbasoak jakin ahal izateko nondik nora jarraitu dezakegun. Sentsazioa daukat liburu honekin zerbait ilegala egin dudala: gelditu, ariketa existentzial bat egin, oroimenezkoa, eta ate horretan sartu. Ukatu zitzaiguna deskubritzeko aukera izan dut. Badu zerikusia liburu honek ere deskubrimenduarekin: garai bat, familia bat eta figura hori.
Deskubrimendu horrek bihurtzen du garrantzitsu memoria ariketa hau? Sakoneratze hori, sartzea ur sakonetan eta ateratzea egon badagoena…
Ondo esan duzu ur sakonena, etengabe erabiltzen dudan metafora da itsasontziena. Kapitulu bakoitza hasten da itsasontzi baten abiatzearekin eta bukatzen da hondoratzearekin. Itsasontziekin batera, bi gai nagusi agertzen dira liburuan: mapa eta partitura. Mapa da bi anaiek kartografiatu zutelako Venezuela osoa, beraz, Venezuelako mapa modernoenak haiek egin zituzten. Eta, bestalde, Euskal Herriak ere behar zuen mapa bat. Caracasetik begiratzen zioten Euskal Herriari eta ez zekiten nora jo, galduta zeuden. Oso etsita zeuden, ez zegoen itxaropenik.
Mapa horren beharrarekin zerikusia du ‘Vasconia’ liburuak…
Euskal Herrian mapa bat falta zen, ez zekiten zer egin. Paco hasi zenean, Donibane Lohitzunera bertaratzeko eskatu zion Federico Krutwigi, liburu teoriko bat idatzi zezan mapa bat eskainiko ziona Euskal Herriari: horrela sortu zen Vasconia: estudio dialéctico de una nacionalidad. Liburu horrek sekulako zalaparta sortu zuen. Adineko jende askok kritikatu zuen, izugarri mingarria iruditu zitzaien, baina jende gazteari ipar orratz bat iruditu zitzaion. Hor ETAren sorrera zegoen, eta hori ere agertzen da liburuan.
Bestalde, partitura osatzen dute Herri Gogoan ekoiztutako diskoek…
Herri Gogoa diskoetxean sortu ziren gure diskografian gero eragin handia izan duten hainbat disko. Oso miresgarria da beraien jarrera.
Erresistentzia ziren, ezta?
Ez zeukaten baliabiderik, eta, hala ere, lortu zuten egoera gorri horri aurre egitea. Hor barruan sortzen ari zen euskal kultura modernoaren ernamuina. Musika aldetik, partitura, baina baita testugintzan ere bai. Oso garai gogoangarria eta ezezaguna da.
Eta nola osatu duzu puzzlea, nola josi dituzu elkarrizketetako galdera-erantzunak?
Hasierako bertsioa historia liburu baten antza hartzen ari zen, ohar bibliografikoz betea zegoen. Konturatu nintzen horrek astundu egiten zuela testua. Zerbait narratiboagoa egitea erabaki nuen, eskuragarriagoa; baina, era berean, espiritu sakon hori jasoko zuena. Zehaztasun bat baldin badago, da zerbait sakona kontatzen duelako.
Era berean, elkarrizketak badu oztopo bat, eta horrekin ere topo egin dut: kontraesanak. Iragana ez da monolitikoa, bakoitzak oso bertsio ezberdinak ditu. Kontraesan asko izan ditut eta nik ere batzuetan sentitu dut nire burua uberan, noraezean.
Baina, azkenean uste dut emaitza gustagarria izaten ari dela. Garai baten ispilu bat da, postal bat, eta ez azalekoa. Eta beti bukatzen nituen elkarrizketak galdera batekin: “Garai hura bizi ondoren, sufritu eta gero, nola ikusten duzu egungo Euskal Herria?”. Eta den-denek aipatzen zuten desaktibazioa.
Hau da, gauza asko lortu ditugu, baina berriro ere herri hau mapa faltan dago. GPS historiko bat beharko genuke, eta ez daukagu. Lortu dugu nolabaiteko bakea, eta badirudi bero handia egin arren hibernatzen ari den herria dela hau.
Atzera begirako honek, zelan eragin beharko lioke etorkizunari?
Ez naiz baikorra, ez dut uste liburu honek ezer aldatuko duenik, baina, beharbada, itzalita dauden edo gauden batzuen herri gogoa, diskoetxea bezala, pizteko ahalegina egin dezake. Proiektua izan zen hura, eta harekin gogoratzeak eman diezaguke kuraia eta ausardia kaian kateatuta egoteari utzi eta berriro ere nabigatzera ateratzeko.