Julen Idigoras Anitua (Donostia, 1991) Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatu zen 2014an Euskal Herriko Unibertsitatean. EiTBko albistegietan bekadun izan ondoren, Gaztean hasi zen lanean. 2016 urtetik aurrera 'B Aldea' saioa zuzendu eta gidatzeaz arduratzen da. Argazkigintza zein bideogintzan ibilitakoa da, eta bere irratiko ogibidea musikari eta sortzaile bezala egiten duen jardunarekin uztartu ditu 2008 urtetik, hainbat taldeetan, tartean, Skakeitan proiektu donostiarra.

Julen Idigorasen kultur gomendioak:

Abesti bat: '2gether' (Mura Masa)

Azken urtean bueltaka izan dudan bat aukeratu dut. Bakardadeak eman dezaken mina eta beste pertsona batekiko nahia maisuki islatzen duela iruditzen zait. Mura Masaren oso zalea izanda ez naiz batere objetiboa, baina benetako oreka polita lortzen du abesti honetan sinpletasuna eta soinu diseinua uztartuz, Gretel Hänlyn artista britaniar nahiko ezezagunaren ahotsarekin.

Musika talde bat: Jean Dawson

Mexiko eta Estatu Batuetako (Tijuana eta San Diegoko) mugan jaio eta hazitako gazte bat da, musika garaikidearen islada interesgarri bat iruditzen zait. Alde batetik, bere sustrai zein erreferentzia nahasketa nabaria delako, eta bestetik, hip hop mundua, punka eta popa uztartzen dituelako, izenda ezina den estilo bereizgarri bat sortuz. "CHAOS NOW*" diskoa atera berri du.

Liburu bat: Meryem El Mehdati-ren 'Supersaurio'

Orain irakurtzen ari naizen liburu bat da, kostumbrista, xumea baina bizitzaren ikuspuntu dibertigarri zein interesgarria eskaintzen duena. Era autobiografiko batean idatzi du marrokiar jatorriko Meryem El Mehdati 25 urteko idazle kanariarrak. Irlako bizitza grisa eta bertako supermerkatu kate ezagun batean lan egitearen egunerokoa deskribatzen ditu ironiaz eta sentikortasun berezi batekin, bizitzaren inguruko gogoeta nihilista samar baten pean.

Antzezlan bat: 'Album' (Formol Laborategia)

Edurne Azkarate, Intza Alkain eta Mikel Ibargurenek egindako antzezlana, dibertigarria, freskoa, garaikidea eta gaurkotua. Erabat kaotikoa, ordezkatzen duen belaunaldiaren errealitate zein identitatearen islada fidel gisa. Oso dibertigarria da, eta ikuslegoarengan duen enpatian du bere indargunea, igorletik hartzailera horizontalean eraikitako mezu bat zabalduz. Komunitate bat sortu dute, eta benetako plazerra da antzezlana ikustera zoazenean horren parte zarela sentitzea.

Film bat: 'La Peor Persona Del Mundo' (Joachim Trier, 2021)

Julie izeneko gazte norbegiar baten 30 hamarkadako krisian eraikitako film bat, bere egunerokotasuna kontatzen du dramedia estiloko pelikula honetan. XXI. mendeko emakume batek historikoki exigitzen zaizkion rolen aurrean duen ezinegona isladatzen da, benetan interesgarria den bikote harremanen zein lan munduko erretratu bat eginez. Oso erraza da filmeko hainbat pertsonaiekin identifikatzea, harrapatzen zaituen pelikula bat da, polita, tristea, dibertigarria eta benetakoa. Gainera Norbegian gertatzen da, estetikoki ederrak diren hainbat lokalizazioetan.

Telesail bat: 'Euphoria' (HBO)

Hemen ez naiz batere originala izango, eta hori telesail dezente ikusten ditudala. Nerabezaro basati eta gogor baten erretratua, drogak, biolentzia, sexua inongo erreparorik gabe erakusten ditu bere alderdirik bortitzenean. Estetikoki ederra (zeluloidean, analogikoki grabatua), orduak irauten dituen bideoklip baten disdira eta baliabideak dauzka, erabat hipnotikoa, landutako pertsonaia, aktore bikain eta James Blake, Tove Lo, Dominic Fike edo Labrinth bezalako artista pusken musikarekin.

Kultur espazio bat: Dabadaba (Donostia)

2014an kontzertuak programatzen hasi zen Donostiako areto bat, bertakoen gustu fina eta kriterioa agerian uzten dituen agenda batekin. Europa mailan aipagarria bilakatu den gune bat, bertako zein nazioarteko artista eta proposamen interesgarriak ekartzen dituena. 

Bideojoko bat: Inside (Playdead Games)

Ez naiz batere gamerra baina noizbehinka, bidai luzeetan etab gustatzen zait horrelakoak probatzea. Bideojoko "indieak" edo alternatiboak gustatu ohi zaizkit, eta hau horietako bat da. Elegantea, ez dizute ezer azaltzen, mundu distopiko ilun batean askatu duten ume bat zara eta pixkanaka zer egin behar duzun deskubritzen zoaz. "Plataforma" kategorietakoa izango litzakeela uste dut. Batez ere, harrapatu ninduena, bideojokoak duen edertasun estetikoa eta soinu banda dira, misterio puntu sotil hori mantenduz. 

Dokumental bat: 'Don’t F**k With Cats: Hunting An Internet Killer' (Netflix)

Erabat surrealista den interneteko hiltzaile baten inguruko dokumentala, Estatu Batuetan girotua. Hain da surrealista, fikziozko pieza bat dirudiela. Bertako pertsonaiak entretenitzeko sortu diren protagonista korapilatsuak dirudite, hiru kapitulo ditu eta engantxatzen duen istorio aztoratzaile bat kontatzen du, katuekin zerikusia duena (ez dut spoilerrik egin nahi).