Autofikzioak geratzeko etorria dirudi euskal narratibara. Genero horren ezaugarriak banan-banan egiten ditu bere Juan Luis Zabalak, Irun Hiriko Kutxa Saria irabazi ostean argitaratu duen Txistu eta biok liburuan: idazlearen oso antzeko biografia duen narratzaile-pertsonaia-idazlea, gertaera errealak eta fikziozkoak nahastea, irakurlea liburuan presente jartzea eta sinesgarritasun-hitzarmenaren joskurak esplizitu egitea, edo gogoeta narrazioari gailentzea.
Urteetan Berria egunkariko kultura saileko erredaktore buru izandakoa da Txistu eta biok-eko narra-tzaile eta protagonista izengabea, Zabala bera bezala, baina zeregin horretaz akituta, kirol saileko kazetari izan nahiko lukeena. Txistu txakurrarekin egiten dituen paseoak eta bigarren mailako pertsonaiekin dituen enkontruak aitzakia narratiboak dira egileak plazaratu nahi dituen gogoetei lekua egiteko (hizkuntzaz, sexuaz, gatazka politikoaz). Badira, nolanahi ere, bi gai liburuaren giltzarri ez ezik egilearen kezka-iturri ere badirenak: kulturarekiko deslilura eta pare-parean dugun injustiziak sortutako ezinegona.
Gaztetan kulturaren gaitasun emantzipatzailean sinetsi zuen kazetaria eszeptizismoak hartutako adin ertaineko gizona da orain, bizimodu eroso xamarra eta estandarra duena eta talaia horretatik plazaratzen ditu hainbat gogoeta interesgarri, besteak beste, kulturaren espektakularizazio eta hutsaltzeaz, arte garaikidea maiz adibide hartuta. Kirola du, ordea, kulturaren aurrez aurre narratzaileak, oraindik ere emozioak eta intentsitatea transmititzeko gai den ikuskizuna, banaketa nahiko manikeo eta batzuetan sinpleegi bati jarraiki (kultura vs kirola).
Gogoetok 82 atal laburretan banatuta bildu ditu Zabalak eta arratsalde batean irakurtzeko moduko liburu bizi-bizia da Txistu eta biok. Badu zerikusirik horretan, ziurrenik, idazlearen eta pertsonaiaren kazetari-lumak, arintasunaren mesedetan jokatzen baitu, nahiz eta batzuetan horrexegatik lau an-tzekoa egiten den; gogoetak, laburraren laburrez, batzuetan arin, arinegi, begitantzen diren hein berean.
Liburuaren beste kezka-iturri nagusiak (“ondo-ondoan dugun beste mundu horren” aurrean dugun jarrerak) fikziozko narrazioaren forma hartzen du. Gizon errumaniar baten gorpua aurkituko du narratzaileak paseoan dabilela, eta hortik aurrera eleberri polizialetako elementu topikoak agertzen joango dira: dei anonimoak, bordelak eta mehatxuak, kontakizunari jakin-mina erantsiz. Agerikoa dirudi parodiarako asmoak atal horietan eta hala irakurri ditut nik neuk, nahiz eta liburua irakurri ahala, zalantza hau izan behin baino gehiagotan: non hasi eta non bukatzen da parodia? Zer irakurri behar da ironiaren distantziarik gabe eta zer betaurreko horiek jantzita? Autofikzioaren parodia egin nahi izan du egileak, ala autofikzio lan bat? Akaso egileak irakurleoi zalantza horixe piztu nahi izan digu, baina nik neuk faltan hartu dut tarteka heldulekuren bat.