G-9 Unibertsitate Taldeak estrategia komunak garatuko ditu, hura osatzen duten unibertsitateek haien estatutuak Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoak (LOSU) ezartzen dituen eskakizun berrietara egokitu ahal izateko. Hori izan da G-9 Unibertsitate Taldeko Idazkaritza Nagusien Sektoreko Batzordearen laneko bileran gaur lortutako akordioetako bat. Bi egunez bildu da batzordea Oviedon, eta Ángel Espiniella Oviedoko Unibertsitateko idazkari nagusiak egin ditu anfitrioi lanak.

LOSUk estatutuak berritzera behartzen ditu unibertsitateak, lege esparru berrira egokitzeko. Pedro M. Fernández Salguerok, Extremadurako Unibertsitateko errektoreak eta G-9ko Idazkaritza Nagusien Sektoreko Batzordeko presidenteak, taldea osatzen duten unibertsitateen artean sinergiak sortu behar direla defendatu du, estatutuak berritzeko orduan erakunde bakoitzaren ezagutza eta esperientzia aprobetxatzeko eta bikoiztasunak saihesteko. Fernández Salguerok nabarmendu duenez, estrategia komunak garatzeak erraztu egin beharko luke aldaketak egitea, legeak markatzen duen bi urteko gehieneko epera egokitzeko. Gainera, estatutu berriak indartzean sartzeaz gain, horietatik eratorritako aldaketak ere indarrean sartzea eskatzen du legeak.

Erakunde oso ezberdinak izan arren, Oviedon egindako laneko bilerak agerian utzi du G-9ko unibertsitateek ezaugarri komun batzuk dituztela haien estatutuak egokitzeko, eta horrek erraztu egin lezake trantsizioa. Zehazki, Idazkaritza Nagusien Sektoreko Batzordearen presidenteak honako alderdiak aipatu ditu: unibertsitatearen autonomia eta gobernantza; hautetsiak sei urteko agintaldi bakarrerako izendatzea; ikastegien eta sailen egitura berria; IRIko sustapen sistemak, irakasle kontratatu doktoreen figura desagertuta eta lan kontratudun irakasle iraunkorraz ordezkatuta; edo eskola orduak murriztea irakasle elkartuei eta laguntzaile doktoreei.

Era berean, G-9ko unibertsitateek badakite erakunde bakoitzak gai oso espezifikoak landu behar dituela, alderdi komunez harago. Ondorioz, unibertsitate bakoitzak bere abiadura darama estatutuak berritzeko prozesuan. Hala, unibertsitate batzuek (orokorrean, zaharrenek) artikulu sorta oso luzea mantentzen dute. Ondorioz, erreforma sakonagoak egin behar dituzte garai berrietara egokitzeko. Izan ere, etengabeko aldaketak gertatzen dira irakaskuntzan, ikerkuntzan edo ezagutzaren helarazpenean. Bileran adierazi dutenez, unibertsitate batzuek oso aurreratuta dituzte erreformak, esaterako, Oviedoko Unibertsitateak eta Zaragozako Unibertsitateak.

Oviedoko Unibertsitateko idazkari nagusien lana aitortzeko ekitaldia

Ignacio Villaverde, Oviedoko Unibertsitateko errektorea, lan saioan izan da, bai irekieran, bai itxieran. Eta amaieran, LRUz geroztik Oviedoko Unibertsitateak izandako idazkari nagusi ohien lana aitortzeko ekitaldi bat egin dute. Oviedoko eta Extremadurako errektoreek parte hartu dute zeremonian, baita Ramón Punset idazkari nagusi ohiak ere. Omendu guztien izenean hitz egin du azken horrek. Honako idazkari hauek omendu dituzte: Eva Cordero González (2016-2021), Ignacio González del Rey (2011-2016), José Francisco Fernández García (2008-2011), Margarita Fuente Noriega (2006-2008), Ignacio Villaverde Menéndez (2004-2006) —aitortza eskertu du, baina uko egin dio, ez delako bateragarria une honetan duen karguarekin—, Ramón Punset Blanco (2000-2004), Luis Martínez Roldán (1996-2000), Julio Carbajo González (1992-1996), Manuela Fernández Junquera (1988-1992), Paz Andrés Sáenz de Santa María (1986-1988) –barkamena eskatu du, Asturiasetik kanpo dagoelako–, eta Leopoldo Tolivar Alas (1984-1986).

G-9 Unibertsitate taldea

1997an sortutako elkartea da G-9 Unibertsitate Taldea, eta autonomia erkidego bakoitzeko unibertsitate publiko bakarrek osatzen dute: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea. Gainera, Murtziako Unibertsitatea eta Burgosko Unibertsitatea entitate laguntzaileak dira.