Gasteizko alkate Maider Etxebarriak eta EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoak gaur sinatu dute asmoen protokoloa. Horri esker, EITBren egoitza Berpizkundearen plazako 9. zenbakira eraman ahal izango dute, Iradier Arena ondora. Hitzarmen hori dela eta, Euskadiko erakunde publikoak 2,7 milioi euroko inbertsioa egingo du isntalazio berrietarako. Bertan kokatuko dituzte Radio Vitoria eta Radio Euskadiren estudioak, ETBrako plato bat eta Taldeko irratiko, telebistako eta dibisio digitaleko profesionalentzako erredakzioa. Egoitzak 2.400 metro koadro baino gehiago izango ditu (gaur egungoak 982 ditu eta Domingo Martínez de Aragon kalean dago). Alkateak balioa eman dio adostutako akordioari; izan ere, horri esker, “EITBren instalazioak handitu eta modernizatu, ikus-entzunezkoen ekoizpena bultzatu eta Berpizkundearen plaza eta ingurunea berriro aktibatu ahal izango dituzte. Erdigunea eta Zabalgunea dinamizatzeko pausoak ematen jarraituko dugu proiektu berriak irits daitezen”.

Akordioak gaur goizean Tokiko Gobernu Batzordeak baimendutako eragiketa errazteko bi alderdiek beren gain hartutako konpromisoa finkatu du. Zehazki, Etxebarriaren kabineteak Zezen Plazaren Barneko Erreforma egiteko Plan Bereziaren (PERI 3) aldaketa puntuala izapidetuko du beheko solairuan dauden bi lokaletan bulegoen erabilera bateragarri egiteko, Euskal Irrati Telebistak eskatzen duen moduan. Bestalde, EITB taldeak beharrezko lokalak erosi, berritu eta ekipatu egingo ditu instalazio berriak egokitzeko.

Kokapen berrirako erabilerak egokitzeko egin beharreko administrazioko izapidetze horren iraupena “9 hilabete” ingurukoa izango da idatzitako aldaketa-proposamena aurkezten den unetik zenbatzen hasita. Etxebarriak zehaztu duenez, egitasmoaren helburua da EITBren multimedia erredakzio berriaren ateak “2025. urtearen amaieran” irekitzea.