Espazio Publikoaren eta Auzoen "Sailak eskola-inguruneetan bide-segurtasuna hobetzeko aurrerapausoak ematen jarraitzen du". Hala, Abendaño ikastolan eta inguruan oinezkoen eta txirrindularien mugikortasuna indartzeko lanak egiteko kontu-saila erreserbatu du dagoeneko, eta ostiralean onartuko dute Tokiko Gobernu Batzordean.
Horrekin jarriko da abian 189.000 euroko aurrekontua izango duten lanak kontratatzeko prozesua. Lanak egiteko epea, aldiz, lau hilabetekoa izango da.
Beatriz Artolazabal zinegotzia ikastetxeko zuzendaritza-taldearekin bildu da eta, Santa Teresa bideari jarraipena emateko, Pedro Asua kalean oinezkoentzako pasabide berria egingo dutela iragarri du. “Jabetuta geunden eta halaxe jakinarazi ziguten bertako bizilagunek pertsona askok bidera iristeko Pedro Asua kalea zuzenean galtzadatik zeharkatzen zutela eta, bistakoa denez, horrek ekidin beharreko segurtasunerako arriskua dakar berekin. Neurri honen bidez, igarotzeko eremu segurua sortuko dugu”, gehitu du.
Oinezkoen bidegurutzeak zirkulazioko bi galtzada zeharkatu behar ditu, biak zirkulazioko noranzko bikoitzekoak, eta haietako bat, gainera, TUVISArentzako bide esklusiboa da. Proiektuak oinezkoentzako pasabidea bidearen ezkerraldean proiektatu du. Pedro Asua kalearen kanpoko bi espaloietan, lau metroko zabalera duten oinezkoentzako bi pasabide sortuko dira, eta bi bideak bereizten dituen erdibitzailea irisgarritasuneko araudiak zehazten duen bi metroko zabalerara arte handituko da. Pasabide berrian, gainera, hiriko autobusaren bidearekin lotutako arriskua adierazteko seinale argidunak jarriko dira, eta esklusiboa ez den bidean semaforoak jarri. Era berean, gaur egun Mauro Ortiz de Urbina Margolariaren kalean dagoen oinezkoentzako pasabidea lekuz aldatuko da.
Artolazabalek azaldu duenez, “proiektuaren helburua da bizikleta bidezko mugikortasuna ikastetxeetaraino bultzatzea” eta, handik, bi noranzkotako bidegorri berria, galtzadatik bereizita egongo dena, sortzea Mauro Ortiz de Urbina Margolariaren kalean, Pedro Asua eta Serafin Ajuria kaleen artean. Azpiegitura horrek San Martin Zabalganarekin lotuko du Santa Teresa bidetik eta, ondorioz, beharrezkoa izango da zirkulazio-aldaketak egitea Mauro Ortiz de Urbina Margolariaren tartean, Pedro Asua eta Clemente Arraiz Margolariaren kaleen artean. Izan ere, Mauro Ortiz de Urbina Margolariaren kaletik Pedro Asua kalerantz eskuinera egingo den biraketa aldatu eta errei berri hori sortuko da.