Gasteizko BIBAT Museoak inauguratu duen "Herriak, mila urte lurraldean" erakusketak bizi garen lurraldearen oinarri izan ziren eskualdeko landa eremuko herri txikietako bizimoduaren ikuspegi arkeologiko eta dokumentala eskaintzen du.

Pieza arkeologikoen, argazkien, mapen eta argibide taulen bidez, bisitariak kokaleku horien iraganean murgildu ahal izango dira. Horietako batzuek Arabako paisaiaren parte izaten jarraitzen dute.

Gaur egunera arte iritsi diren aztarna materialak eta dokumentuak hartzen ditu oinarri erakusketak herri horietan bizi izan ziren pertsonen bizimodua berreraikitzeko. Objektuak, tresnak, zeramika zatiak, txanponak eta bestelako aztarnak dira arkeologiak lurpetik atera dituen aurkikuntzetako batzuk, eta horiei esker, nola bizi ziren, nola lan egiten zuten eta nola antolatzen ziren jakin ahal izan dugu.

Erakusketan, gainera, garai hartako erregistroak ere badaude ikusgai, esaterako, "praktikaren aktak", eguneroko bizimodua egituratzen zuten dohaintzen, salerosketen eta bestelako egintza juridikoen berri ematen dutenak. Egintza horiek gizarte harremanak markatzen zituzten (batzuk kontrol eta menderakuntzakoak ziren).

Bereziki garrantzitsua da XII. mendearen amaieran egindako*Becerro Galicano*izeneko eskuizkribua, Donemiliaga Kukula monasterioan kontserbatzen dena eta Erdi Aroko Arabari buruzko informazio iturri baliotsua jasotzen duena. Izan ere, haren edukien artean, nabarmentzekoa da*Donemiliagako golde-nabarra*izeneko erregistro paregabea, Arabako 307 herriguneren zerrenda jasotzen duena.

Donemiliagako golde-nabarra*(1025) Penintsularen ipar-mendebaldeko Erdi Aroko dokumenturik garrantzitsuenetako bat da. Herrien eta bakoitzari zegokion urteko zergaren zerrenda luze hori funtsezkoa da garaiko antolaketa soziala eta ekonomikoa ulertzeko. Dokumentu horretan, tokiko komunitateek Arabako gotzaindegiari ordaindu beharreko zergak jasotzen dira, gauzatan ordaintzen zirenak; oro har, burdina edo abereak emanda.

Donemiliagako golde-nabarrean aipatutako 307 lekuen artean, oraindik ere lurraldean irauten duten herriak daude, nahiz eta batzuk, denboraren poderioz, herrigune handiagoak bihurtu diren. Hauek dira dokumentuan aipatzen diren eta gaur egun ere badiren herriguneetako batzuk:*Karkamu*(Carcamu),*Mendiola*(Mendiohla), eta*Zalduondo*(Zalduhóndo), landagune txikiak izaten jarraitzen dutenak, edota*Alegría-Dulantzi*(Dullantzi) eta*Vitoria-Gasteiz*(Gastehiz), nabarmen hazi direnak eta 1025ean independenteak ziren lurraldeak integratu dituztenak, hala nola*Egileta*(Gelhegieta) edo*Adurza*(Adurzaha).

Leku horietako asko gaur egun ere existitzen dira, eta horrek agerian uzten du komunitateek mendeetan zehar izan duten jarraipena eta eraldaketa. Erakusketan, argibide taulen bitartez, lurrak nola banatzen ziren eta komunitateak natura baliabideak nola kudeatzen zituen ikusi ahal izango dute bisitariek: herriak laborantza eremuen eta herri lurren inguruan egoten ziren antolatuta, eta horien ustiapena auzo batzarrek arautzen zuten.