Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxeko Monumentu Naturalaren Lankidetza Kontseilua sortzen duen Foru Dekretua onartu du ostegun honetan. Organo berriaren helburua da enklabearen eta bere inguruaren kudeaketan inplikatuta dauden administrazioen arteko koordinazioa indartzea, espazioaren kontserbazioa eta erabilera ordenatua bermatzeko.

Foru erakundeko arduradunek gogorarazi dutenez, Gaztelugatxe Biotopo Babestu izendatu zuten 1998an, eta 2013tik Natura 2000 Sarearen parte da, Kontserbazio Bereziko Eremu eta Hegaztien Babes Bereziko Eremu gisa.

Era berean, 2021ean Babes Bereziko Kultura Ondasun izendatu zen, Kultur Paisaia kategoriarekin, eta 2022an Natura Monumentu gisa birkalifikatu (lehen biotopo babestua zena), babes maila handituz.

Organo berriarekin, Bizkaiko Foru Aldundiak lankidetza esparru egonkorra eman nahi izan dio Gaztelugatxeren kudeaketari, espazioaren kontserbazioa bermatzeko eta lekuari lotutako erabilerak behar bezala arautzeko

"Bisitari asko hartzen dituela eta eskumenak dituzten administrazioak askotarikoak direla kontuan hartuta, lankidetzarako tresna egonkorra behar da", adierazi dute foru erakundetik.

Horrela, Gaztelugatxeko Monumentu Naturalaren Lankidetza Kontseilua aholku-emailea izango da eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailari atxikita egongo da.

ADMINISTRAZIOA

Ordezkatutako administrazioen interesak eta jarduerak koordinatzea, haien arteko lankidetza sustatzea eta Gaztelugatxerekin lotutako ekimen komunak adostea izango dira bere egitekoak. Era berean, inguruaren kudeaketa eta kontserbazioa hobetzen lagunduko duten proposamenak planteatzeko espazioa izango da eta bertan egiten diren ospakizun tradizionalei buruzko informazioa izango du.

Kontseiluko lehendakaria Bizkaiko Foru Aldundia izango da, Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuaren bitartez; lehendakariordetza Bermeoko eta Bakioko udalen eskuetan egongo da, txandaka. Era berean, osoko bilkurak Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak izango ditu natura, kultura eta itsasertzaren kudeaketa bezalako arloetan.

Organo berriarekin, Bizkaiko Foru Aldundiak lankidetza esparru egonkorra eman nahi izan dio Gaztelugatxeren kudeaketari, espazioaren kontserbazioa bermatzeko eta lekuari lotutako erabilerak behar bezala arautzeko.