Bizkaiko Foru Aldundiak laguntza lerro bat jarri du martxan abian basoko faunak eragindako kalteak jasaten dituzten nekazaritza eta abeltzaintza ustiategiei laguntzeko. Ekimenak 170.000 euroko aurrekontua du, eta Bizkaiko erregistro ofizialean inskribatuta dauden eta ezarritako baldintzak betetzen dituzten nekazaritza edo abeltzaintza ustiategien titularrek eskatu ahal izango dituzte laguntzak.

Foru erakundeko arduradunen arabera, diru laguntzek itxitura eramangarrien erosketa finantzatzeko balioko dute, betiere aldi berean itxitura horien eraginkortasuna indartuko duten tresna elektrikoak erosten badira edo dagoeneko badituztela egiaztatzen bada.

Laboreak, larreak eta ganadua babesteko tresna elektrikoak erosteko diru laguntzak emango dira, eta artaldeak babesteko erabiltzen diren mastin txakurren elikadura gastuak ordainduko dira

Halaber, laboreak, larreak eta ganadua babesteko tresna elektrikoak erosteko diru laguntzak emango dira, eta artaldeak babesteko erabiltzen diren mastin txakurren elikadura gastuak ordainduko dira.

Laguntzak eskatzeko epea 15 egun baliodunekoa izango da deialdia Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta. Diruz lagundutako inbertsioak eskaera egiten den egunetik urriaren 15era arte egin ahal izango dira.

Deialdiaren bidez, Bizkaiko Aldundiak neurriak eman nahi dizkie ustiategiei erasoei aurrea hartzeko eta euren jarduera lurraldean basa-fauna egotearekin bateragarri egiteko.

BESTE GAI BATZUK

Bestalde, Gasteizko Udaleko Kirol Zerbitzuak erabaki du Mendizorrotzeko kirolguneko igerileku olinpikoa irailaren 28ra arte irekita egotea. Udako kanpaina igandean amaituko da, irailaren 14an, baina eguraldi ona iragarrita dagoenez, igerileku olinpikoa irekita egongo da beste bi aste.

Ana Lopez de Uralde Kirol zinegotziak gogorarazi duenez, "Kirol Zerbitzuak aukera hori zuen mahai gainean eta Mendizorrotzeko kanpoko igerileku olinpikoaren funtzionamendua luzatzea erabaki dugu, datozen egunetarako eguraldi ona iragarri dutela ikusita".