Ertzaintzak, Euskadiko udaltzaingoekin elkarlanean, indartu egingo ditu gidatzean arreta galtzea eragozteko kontrolak abenduaren 18tik 24ra bitartean, Eguberrien hasierarekin bat etorriz.

Arreta galtzearen arrazoi nagusietako bat telefono mugikorra erabiltzea da bertatik azaldu zutenez. "Gidatzen ari garen bitartean telefonoa eskuan eramateak, mugimenduan egon edo ez egon, 6 puntu galtzea ekarriko du; eta ibilgailua semaforo batean edo pilaketa batean geldi egonda ere bai, zirkulatzen ari dela ulertzen baita", azpimarratu zuten Ertzaintzatik.

"Zirkulatzen ari garenean telefono mugikorra manipulatzeak ere, dispositiboa euskarri batean edo antzeko zerbaitetan badago, hau da, eskuarekin ukitzen ez bada ere, hiru puntu kentzea ekarriko du", erantsi zuten.

Estíbaliz Olabarri Trafikoko zuzendariak gogorarazi du: “Debekatuta dago gidatzen den bitartean entzungailuak soinu-irakurgailuetara konektatuta izatea, radar-detektagailuak aktibatuta izatea edo Internet, TB, bideo edo DVD hargailuak manipulatzea ere, arreta galarazten baitute”. Arau-hauste horiek 200 euroko isuna eta gidabaimeneko hiru puntu galtzea ekarriko dute.

Eusko Jaurlaritzatik gomendatzen dute mugikorrean “auto modua” edo “hegazkin modua” aktibatzea, eta ibilgailua aparkatuta dagoenean bakarrik erabiltzea. Bestalde, komenigarria da irratia edo musika zuzenean bolantetik manipulatzea, eta GPSn ibilbidea autoa abian jarri aurretik programatzea, inoiz ez bidaian zehar.

Arreta-galtzeen ondorioz sarrien gertatzen diren istripuak errepidetik ateratzea, aurrez aurreko talkak, aurreko autoa jotzea edo norbait harrapatzea dira.