15.662 pertsona joan dira 48. Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiko ikuskizunetakoren batera. Beste nolabait esanda, aurreko urtearekin alderatuta, igoera 2.400 pertsonakoa izan da. Baina ez da hori gora egin duen kopuru bakarra; izan ere, batez besteko okupazioa ere % 86ra igo da (hau da, 2022an baino % 6 gehiago). “Ez da harrigarria Nazioarteko Antzerki Jaialdia izatea Gasteizko kultur agendan jarduera maite eta estimatuenetako bat, baina aurtengo datuek, sendotuta dagoen hitzordua dela berresteaz gain, agerian utzi dute urtez urte hazten eta aurreko urteetako datuak hobetzen ari dela”, adierazi du Sonia Díaz de Corcuerak, Kultura eta Hezkuntzako zinegotziak.

Programazio barruan, familientzako eta haur txikientzako proposamenak nabarmendu behar dira. Aurtengo edizioan, 13 lan baino gehiagotan bete da edukiera eta, gainera, asistentzia orokorra okupazioaren % 90 baino gehiagokoa izan da (2022an % 85ekoa izan zen). Horren erakusgarri da, esate baterako, ‘Haurtxoak programa-Haziaraba in the mapping’, eskainitako 4 saioetan sarrera guztiak agortu dituena. “Txikienei zuzendutako programazioa da, oraindik ere, arte eszenikoetarako etorkizuneko ikusleak sortzeko ekintza estrategikoaren ardatzetako bat. Garrantzitsua da belaunaldi berriek aisialdiko aukeratzat hartzea eta beren planetan barneratzea. Horri esker, arte eszenikoak bizirik mantenduko dira”, zehaztu du Díaz de Corcuerak.

Baina ez dira horiek izan sarrera guztiak saldu diren ikuskizun bakarrak. Izan ere, edukieraren % 100 bete da ikuskizun hauetan ere: ‘Supernormales’, ‘Prima Facie’, ‘La comedia de los errores’, ‘Uz, el pueblo’, ‘Romeo y Julieta, despiertan’ eta ‘Guapa’. Sarrera guztiak bete diren beste ikuskizun batzuk dira ‘Off lokal’en 3 proposamenak eta emanaldien ondoren talde artistikoekin egindako topaketak.

Edizioaren erradiografia

Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren 48. edizioak 32 ikuskizun eta 44 saio eskaini ditu urriaren 5etik abenduaren 3ra bitarte. Zehatzago esanda, nazioarteko 11 ikuskizun eta Euskadiko beste 11 izan dira (haietako 5 euskaraz). Gainera, 4 estreinaldi egin dituzte eta 17 lan jaialdiari esker Euskadin lehen aldiz ikusi ahal izan dira.