Larunbatean 22:30 pasata, Ertzaintzaren herritarren babeserako patruilak Alegria-Dulantziko (Araba) Lurgorri industrialdeko enpresa batera joan zitezen eskatu zieten, alarma piztu baitzen.

Bertaratutako baliabideak enpresa ikuskatzen hasi ziren, eta hesiak indar-zantzuak zituela egiaztatu zuten. Agenteek enpresaren ondoan zihoan ibilgailu batean zihoazen bi pertsonak identifikatu zituzten, eta hura miatu zutenean, enpresa barrutik zetozen lau bidoi gasolioarekin, aizkora bat eta buru-beroki bat aurkitu zituzten.

Horiek horrela, 32 eta 35 urteko bi gizonak atxilotu zituzten, gauzetan indarra erabiliz egindako ustezko lapurreta-delitu baten egileak direlakoan, eta, ondoren, ertzain-etxera eraman zituzten, beharrezko eginbideei ekiteko. Behin amaituta, atxilotuak Gasteizko Guardiako Epaitegiaren esku utzi dituzte.

Bestalde, Ertzaintzak 21 urteko gidari frantziarra atxilotu du, BMW 116 autoa gidatzen ari zela.Atzo goizaldean, beste auto baten, Ford Orionen, aurka aurrez aurre talka egin du GI-636 errepidean, Lezo parean. Bi hildako (22 eta 20 urteko bi gizonezko) eta bost zauritu izan dira.

Trafikoko Gipuzkoako Lurralde Unitateko agenteek egindako lehen ikerketen ondoren, bide-segurtasunaren aurkako eta zuhurtziagabekeria larriko giza hilketaren aurkako delitu bat leporatu diote gidariari. Atxilotua Donostia Ospitalean artatzen ari dira dituen lesioengatik eta, ondoren, guardiako epaitegiaren esku utziko da.

Ezbeharra 03:45 aldera gertatu da, GI-636 errepidean, Lezo parean (Gipuzkoa). Ordu horretan, hiru pertsonak okupatutako BMW 116 auto batek aurrez aurre jo du Ford Orion auto baten aurka. Auto horretan beste lau gazte zihoazen. Larrialdietako zerbitzuak ezbeharraren tokira bertaratu dira eta biktimei lagundu diete. Osasun-langileek egindako bizkortze-maniobrak gorabehera, 22 eta 20 urteko bi gizonezko hil dira, Ford Orionen zihoazenak, eta gainerako inplikatuak artatu eta hainbat zauri larrirekin eraman dituzte hainbat ospitaletara.

Ertzaintzak dagokion ikerketa jarri du abian, istripu tragikoaren nondik norakoak argitzeko.