Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gida farmakoterapeutiko bat argitaratu du Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) egoitzetan eta zentro soziosanitarioetan adinekoak artatzen dituzten profesionalentzat. Talde horretan nagusi diren osasun arazoetarako gomendatutako sendagaiak biltzen ditu gidak.
Osasun Sailaren arabera, EAEn 514.000tik gora pertsonek dituzte 65 urte edo gehiago, hau da, biztanleria osoaren %23,5, eta horietatik 20.000 baino gehiago adinekoentzako egoitza eta zentro soziosanitarioetan bizi dira (ia %4).
Pertsona horiek, askotan, gaixotasun kroniko ugari izaten dituzte eta polimedikazioa behar izan ditzakete (bost farmako baino gehiago), eta horrek areagotu egiten du interakzioak eta kontrako erreakzioak izateko arriskua. Hala, gaixotasun kronikoen kudeaketa eraginkorraren parte da adinekoen artean sendagaiak behar bezala erabiltzea eta haiei behar bezala ematea.
Izatez, osasun laguntzako berrikuntza ildo nagusietako bat da sendagaien erabilera egoki eta arrazionalaren bidez preskripzioaren kalitatea sustatzea, dagoen aukera terapeutiko zabalaren barruan sendagaien hautaketa erraztuz.
Ildo horretan, Euskadi 2030 Osasun Planaren erronka estrategikoa da bizitza luzerari, zahartzeari eta desoreka demografikoari heltzea, eta bere helburuen artean dago "jasangarritasuna eta bikaintasuna lortzea kalitateari, humanizazioari eta segurtasunari dagokienez, Euskadiko asistentzia sistema sanitario eta soziosanitarioetan".
Bada, pazienteen segurtasuna eta bizi-kalitatea maximizatzeko helburu horren ildotik, eta tratamenduen eraginkortasunari ere lotuta, Osasun Sailak gida farmakoterapeutikoa argitaratu du. Adostasuneko dokumentu bat da, preskripziorako tresna lagungarria, erraz kontsultatzekoa eta ebidentzia zientifikoan oinarritua.