Nerea Melgosa Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak adierazi du beharrezkoa dela belaunaldien arteko politikak eta jarduerak bultzatzea egungo trantsizio sozial eta demografikoaren testuinguruan, gizartea gero eta anitzagoa izanda, baita adinari erreparatuta ere.

"Funtsezkoa da aukera berriak eta elkarrekiko onurak sortzea, belaunaldi ezberdinetako pertsonen lankidetzatik eta arlo guztietan jarduerak sustatuz", esan du astearte honetan Melgosak, Behatuz Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokiak Gasteizen antolatu duen topaketan egin duen agerraldian.

Gizarte politiketako belaunaldien arteko ikuspegiari buruzko topaketan izan da sailburua, Krzystof Balon Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordeko ordezkariarekin eta Mariano Sanchez Granadako Unibertsitateko Belaunaldien arteko Ikasketen Macrosad Katedraren zuzendariarekin batera, besteak beste.

Melgosaren iritziz, trantsizio sozial eta demografikoaren testuinguruak indartu egin du "bizitzako etapak luzatzeko eta etapa berriak edo azpietapak agertzeko joera, hala nola pertsona gazte helduena edo adineko pertsona autonomoena, eta horiekin jada hasi gara politikak diseinatzen".

Gaineratu duenez, aldaketa horiek "giltzarri dira pertsonen bizi proiektuak bultzatzeko, bere dimentsio guztietan, eta bizitzan zehar eta adina alde batera utzita eskubideak gauzatzen direla ziurtatzeko".

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuaren ustez, belaunaldien arteko jarduerez gain, funtsezkoa da "bizitzan zeharreko politikak sustatzea, hala nola, zainketa, osasun edo ikaskuntza politikak. Eta, horiekin batera, bizitzako etapa ezberdinetan oinarritutako politikak, jarraipen batekin, koherentziaz eta etapa aldaketei arreta eskainiz garatuak".

"Politikak aukera berdintasuna eta gizarte kohesioa sustatzera bideratu behar dira, kontuan izanda, adinaz gainera, generoa, jatorria, ezintasuna edo beste desberdintasun faktore batzuk", nabarmendu du.

Melgosak adierazi du Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailetik belaunaldi ezberdinetako pertsonek parte hartzen duten jarduerak sustatzen dituztela, bai eta elkarren onerako diseinatutako jarduerak ere. Gainera, bizitzan zeharreko politikak ere sustatzen ditu, hala nola "zainketa politika eta xede diren pertsonen adinean oinarritutako politikak". "Batzuek eta besteak zeharkako politikak dira", ziurtatu du.