Metrokoadroka taldearen 'Laster eroriko da' antzezlanak eskuratu du AEK-Korrikaren III. Sorkuntza Beka, eta horrela, 25. Korrikaren ikuskizun kultural nagusia izango da. Komedia "basati eta parte hartzaile" honen bidez, kolektiboak gogoeta proposatuko du euskal kultura, transmisioa eta komunitate zentzuari buruz.

Tafallako Kulturgunean (Nafarroa) aurkeztu dute asteazken honetan AEK-Korrikaren III. Kultur Sorkuntza Bekako irabazlea. Agerraldian, Metrokoadroka kolektiboaren ordezkari Idoia Beratarbidek eta Oier Guillanek hartu dute parte, Korrika arduradun Ane Elordirekin batera.

Bekak taxutzen du Korrika Kulturalaren egitasmo nagusia, eta 23.000 euroko aurrekontua du. Haren bidez, AEK-Korrikaren helburua da euskal kulturatik sortutako euskarazko ekoizpenak bultzatzea.

AEK-Korrika Kultur Sorkuntza Bekaren bidez, AEK-k hiru helburu betetzen ditu, Ane Elordik azaldu duenez: batetik, "Korrikari esker lortzen diren diru baliabideen zati bat onura ekonomikorik ez dakarten baina gizarte onura bilatzen duten ekimenetan inbertitzea"; bestetik, kultur arloan euskal herritarrentzako euskaraz eroso aritzeko espazioak sortzea, garatzea eta elkarlotzearen garrantzia azpimarratu du; azkenik, "euskal sortzaileei gune horiek eskainita, euskal kultur sorkuntzan eragile izatea".

Formari dagokionez, asmoa da esperientzia parte hartzailea izan dadin. Izan ere, Metrokoadrokaren nahia da publikoa ikusle soila ez izatea, baizik eta "obraren parte aktiboa"

Epaimahaia Anabel Arraizak, Galder Perezek, Asier Rubiok, Kattina Haranek eta Eneko Gilek osatu dute, eta, Elordik azaldu duenez, "planteamendu berritzailea" duela nabarmendu dute, bai eta "garatu nahi duten ideiaren potentzia edo indarra" ere.

Antzezlanaren sortzaileen hitzetan, 'Laster eroriko da' "komedia basatia" izango da, publikoari kantarazi nahi diona. Lanaren abiapuntuan, bi gazte eta beren aitona egongo dira jangela batean: bazkari handi bat prestatu behar dute aitonaren 99. urtebetetzea ospatzeko, baita bazkalosterako kantutegia eratu ere, baina gazteek ez dakite ez sukaldean aritzen, ezta euskal kanta klasikoen hitzik ere.

Obraren tituluak erreferentzia egiten die 'Agure Zaharra' kantu ezagunari eta aurreko belaunaldien askatasun ametsei. Testuinguru horretatik abiatuta, obrak belaunaldien arteko talka islatuko du, bazkalosteetako kantu uneei omenaldia egitearekin batera. Era berean, Metrokoadrokak hausnarketarako gai sakonagoak planteatuko ditu: inkonformismoa eta itxaropena jarri nahi ditu erdigunean, mundua norabide kezkagarrian doan honetan, eta euskal kulturaz, transmisioaz eta komunitateaz hausnarrarazi.

Egileek, azken batean, zera sustatu nahi dute: "gorroto mezuei aurre egiteko inkonformismoa eta mundu hobea sortzeko itxaropena". Edonola ere, komediak argi utziko du "mundu hobe hori belaunaldiz belaunaldi birdefinitu beharra".

PARTE HARTZAILEA

Formari dagokionez, asmoa da esperientzia parte hartzailea izan dadin. Izan ere, Metrokoadrokaren nahia da publikoa ikusle soila ez izatea, baizik eta "obraren parte aktiboa". Horretarako, aurreikusten dute antzezlanaren zenbait emanalditan ikusleek jan ahal izatea eta bazkaloste giroan kantuan parte hartzea.

Hori egiteko modua oraindik ere asmatzeko dago, baina, Guillanek eta Beratarbidek azaldu dutenez, "helburua da benetako bazkari baten atmosfera sortzea, publikoa eszenografiaren eta kontakizunaren barruan txertatuta".

METROKOADROKA

Proiektua Metrokoadroka kolektiboko hiru kidek sinatu dute: Ainhoa Alberdi, Idoia Beratarbide eta Oier Guillan. Oraingoz jakinarazi dutenez, lau aktore izango dira oholtza gainean, eta Ainhoa Alberdik interpretatuko du agurearen papera. Idoia Beratarbide zuzendari artistikoa izango da, eta Oier Guillan, dramaturgiaren arduraduna. Lantalde osoa datozen hilabeteetan osatuko da.

Kolektibotik eskerrak eman nahi izan dizkiete Korrikaren arduradunei eta epaimahaiko kideei, euren proposamenarekiko konfiantzagatik. Izan ere, azpimarratu dutenez, "kulturgintzan eta arte eszenikoetan proiektu berriak garatzeko aukerak topatzea ez da beti erraza", eta erronka berria "ilusioz zein arduraz" hartu dute.

'Laster eroriko da' 2027ko azarotik 2028ko apirilera bitartean antzeztuko da, Korrika Kulturalaren barruan, Euskal Herriko hainbat eszenatokitan.