Bingen Zupiria sailburuak XIII. legegintzaldirako Segurtasun sailean aurreikusitako konpromisoen, helburuen eta jarduera-ildo nagusien berri eman du Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasunaren Batzordean. Sailburuarekin batera izan dira Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordea, Ricardo Ituarte Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea, Miren Dobaran Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendari Nagusia eta Joana Egiluz, egitura berrian sailburuorde izango den aholkularia. Bere agerraldian, Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak, Gobernu Programak jasotzen duen bezala, segurtasuna zerbitzu publiko bat dela azpimarratu du, herritarrei zerbitzurik onena ematea helburu nagusi duena. Zupiriak gaineratu duenez hori lortzea “ez da Gobernuaren lana bakarrik, guztiona da. Guztion helmuga delako, herritarren ordezkari garen heinean, bizikidetza demokratikoa, askatasuna eta herritarren bizimodu lasaia bermatzea”. 

Euskadiko Segurtasun Publikoko 2026-2030 plana

Gaur egungo Euskadiko Segurtasun Plana 2025era arte egongo da indarrean eta beraz, plangintza hori itxi eta ebaluatzeko garaia dela azaldu du gaur Eusko Legebiltzarrean Segurtasun sailak. Diagnosi berri horrekin Euskadiko Segurtasun Publikoko 2026-2030 Plan Nagusi berria diseinatu beharko da. Plan horrek, sailburuak gaur azaldu duenez, “gizarte gisa aurrean ditugun arrisku eta mehatxuen gaineko gogoeta eguneratzeko eta erronka berriei aurre egiteko behar diren bitarteko eta baliabideak jorratzeko” balioko du. Legegintzaldiko “proiektu estrategiko handienetako” bat izango denak datozen urteerako ildoak, ekimenak eta ekintzak zehaztuko ditu “hurrengo hamarkadako erronkei berme osoz aurre egiteko”, “segurtasunaren ikuspegi zabal eta osoarekin”, Zupiriak azpimarratu duenez.

Ertzaintzak segurtasunaren ikuspegi zabal horren kudeaketan duen garrantzia azpimarratu du Zupiriak. Ertzaintza da, Zupiriak esan duenez, “euskaldunen zaintzaz arduratzen den euskal polizia” eta autogobernuaren ikur nagusietako bat dela gogoratu du: “gure autogobernu-tradizioari lotutako erakundea da beraz Ertzaintza eta gure autogobernu-nahiari erantzuten dio”. Sailburuak gaineratu duenez, “gure esku dagoen guztia egingo dugu Ertzaintzaren profesionaltasuna sustatu eta zaintzeko, ahalik eta herritarrik gehienen atxikimendua izan dezan”.

Arkaute

Segurtasuneko sailburu Bingen Zupiriak gaur Eusko Legebiltzarrean azaldu duenez, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia izango da euskal polizia eta larrialdi sistema osoaren erreferentziazko eskola. “Gure gizartea aldakorra eta konplexua da eta Arkauteren eginbeharra da gizartean unean-unean sortzen diren arazo eta erronken aurrean errespetuz, profesionaltasunez eta era arduratsuan jokatuko duten profesionalak eta ekipoak prestatzea” azaldu du Sailburuak. Horretarako arlo bakoitzeko profesionalik egokienak erabiliko ditu Arkautek segurtasunaren eta larrialdien profesionalen hasierako prestakuntzan eta prestakuntza iraunkorrean aritzeko “herritarrak erdigunean jarri eta gizarte osoaren beharrizanei era bikainean erantzuten dieten profesionalak prestatzea delako gure helburu nagusia” azpimarratu du Zupiriak.