Moda berri bat dugu kontzertuetan, edo hauek jendetsuak direnean antolatzeko moduan behintzat. Orain ez da artista jarraitzaileengana joaten dena. Emanaldiak leku berdinean ematen dira eta artista ikusi nahi dutenek dira mugitzen direnak. Puri-purian dagoen abeslari batek (edo kantuak sortu eta abesten saiatzen den horrek) ez dakit zenbat emanaldi izan dituen Madrilen. Ez dira izan pare bat edo hiru sarrerak agortu direlako, hamar kontzertuetara heldu da ere. Baina gero eta abeslari eta talde gehiagok modu hau aukeratzen ari dira.
Ez dakit etorkizunean ideia ohitura bilakatuko den ala ez, baina hurbiltasuna beti gustatu izan zait. Gertu daudenekin topatu eta urrun eta ez hain urrun dauden musikariak ikusi ahal izatea. Azkena Rock eta Jazz jaialdiek, adibidez, Gasteizera ekartzen dituzte kanpoko eta barneko artista ezberdinak. Eta gero badaude beste jaialdi ezberdinak, doan eta gure hiriburu maitearen erdigunean egiten direnak.
Pasa den asteburuan Korterraza izan genuen Artiumen, kontzertu eta film laburrekin. Eta asteburu honetan Aztarna Beltza jaialdia dugu Aihotz plazan. Gustu guztietarako kontzertu, tailer eta jarduerak ostiraletik igandera bitartean Gasteiz dantzan jarriko dute.