Beñat Apalategik, Markel Ormazabalek eta Lander Arbelaitzek Ategorrietan Fisterra komikiaren gidoia idatzi dute, eta Malen Gainzarainek ilustratu du. ARGIAk argitaratu du 1931ko maiatzaren 27an Donostiako Ategorrieta auzoan gertatutako sarraskia ardatz duen komikia. 95 urte pasa diren arren, oraindik ere historia hurbileko gertakari ezezaguna da. Egun hartan, Guardia Zibila Pasaiako arrantzaleen kontra oldartu zen eta zazpi lagun hil zituen.

Itxaropen garaia zen, edo horrela deskribatu zuten: Galiziatik milaka lagun heldu ziren Trintxerpera arrantzale izan nahian. Komikian agertzen den bezala, asko eta asko gogoz kontra heldu ziren lanera, eta aurkitu zutena ez zen agindu zietena izan. Hori da, hain justu, komikiaren hasiera: errepublika jada indarrean dago, baina, emakume bat aurkitzen dugu, fabrikako langile bat, bere lankide arrantzaleen lan-baldintzei buruz kexu da. Behin eta berriro esaten zaio itxaron behar duela, errepublika hasi berri dela, eta aldaketak helduko direla. Hala ere, horrek talka egiten du langileen beharrekin, berehalakoak behar dute izan. Arrantzaleek eskaerak aurkeztu zituzten, baina patroiek, ordea, ukatu egin zituzten. Egoera horren aurrean, greba egitea erabaki zuten arrantzaleek. 

Komikia

Komikia Dani Blanco

Komikiaren gidoilariek dokumentazio lan sakona egin dute. Alde batetik, historialariek egindako lanari heldu diote. Bestetik, garaiko prentsara jo dute, informazio bila. Garaiko hedabideetan, ordea, oztopo handi bat aurkitu dute. Maiatzaren 27ko gertakarien ondoren, gerra egoera ezarri zen Gipuzkoan; eta, horren ai-tzakian, zentsura ezarri zuten prentsan. 27tik aurrera, ez zen sarraskiari buruz gehiegi hitz egin, eta hedabideetan agertu zena, bertsio ofiziala indartzeko aitzakiarekin izan zen. Lander Arbelaitzen hitzetan, hedabideetan manifestariek lehenengo tiro egin zutela esan zen, “eta lekukotza askok hori ukatzen dute”. “Galiziako prentsara jo behar izan dugu, Trintxerpen zeuden Galiziarrek gutunak bidaltzen zituzten egunkarietara eta hortik atera dugu informazioa”, erantsi du Beñat Apalategik. Hildakoetako bat José Novo izan zen, eta bere historia ezagutzeko, Cristina Novo bere iloba elkarrizketatu dute. Atal oso bat eskaini diote Novori; eta, hori ez ezik, Cristinari egindako elkarrizketari atal gehigarri bat eskaini diote kontakizunean.

FIKZIOA ETA ERREALITATEA UZTARTUZ

Komikia gertakari historiko batean oinarritzen da, baina gidoilariek fikziozko lau pertsonaia sortu dituzte: horietako bat, aurrez aipatutako Trintxerpen jaiotako emakume langilea. Fikzioa errealitatea kontatzeko baliabide bat bezala ulertu dute sortzaileek, kontuan izanda hasieratik zeukaten ideia: “Ategorrietako sarraskia oso ezezaguna da Donostian. Hala ere, argi geneukan ez genuela txosten historiko bat egin nahi, beste produktu literario bat sortu nahi genuen, beste ibilbide bat izango zuena eta publiko ezberdin bati helduko zena”, azaldu du Arbelaitzek.

Arbelaitzek jakinarazitakoaren araberan, Donostian historiari buruz galdetzen denean Belle Epoque eta sutea besterik ez dira aipatzen. “Belle Epoque aristokraziaren historia izan zen, herritarren gutxiengo baten historia. Gehiengo bat zegoen, eta langileak ziren, eta ikuspegi horrek kanpoan utzi ditu. Hor jarri nahi izan dugu fokua”. Horretarako baliagarria izan da fikzioa sortzea. Apalategik baieztatu bezala, errealitateko pasarteak bazituen osagai asko lagungarriak zirenak fikziozko istorioa sortzeko, eta hortik tiraka sortu dute: “Guk datu guztiak aztertu ditugu eta errealitate horretatik fikziozko atala sortu dugu”. Fikzioak, kasu honetan, egia urrundu beharrean, garai historikoa kokatzen laguntzen du, bai estetikoki, baita gogo aldarteari dagokionez ere.

Bi kantu sortu dituzte komikia doinuz janzteko. Dani Blanco

KOMIKIAREN BESTE HAINBAT BALIABIDE

Esan bezala, sortzaileen helburua ez da txosten soil bat sortzea izan. Alta, ez dute komiki soil bat sortu, “memoria marraztua” ondu dute, edota sarraskiaren kronika ilustratua. Gidoilariek garatutako lehen lan literarioa izan da, eta Malen Ganzarain marrazkilariak ere estreinako aldia izan du esparru honetan. Komikian pasarte mutu bat dago, hasieran, eta bertan irudiak pisu narratibo esanguratsua du. Malen Ganzarainen ustez, oso garai bisualean bizi gara, eta ilustrazioak “komunikatzeko beste bide bat da, hizkun-tza bat dela esatera ausartuko nintzateke”. 

Ganzarainentzat estetika erronka handia izan da. Bada, garai historiko baten errealitatea oso zehatz irudikatu behar izan du. Argazkiekin egin du lan, gehienbat; eta hasieran komikia kolorez egingo zuten arren, azkenean gris eskala erabili dute: “Lehengo argazkiak ikusten dituzunean, grisean ikusten dituzu, eta komikia iraganean gertatutako gauza bat denez, iraganarekin konektatzeko egokiagoa zen. Gainera, indarra eman nahi genien gauzetan gorria sartzeko aukera eman digu horrek”. Komikiak ez du soilik alde literarioa. Baliabidez bete dute: infografiak, pertsonaien aurkezpenak… baita musika ere. Bi kantu egin dituzte. Lehenbiziko kantua Niña Coyote eta Chico Tornado donostiarrek eta Bala galiziarrek sortu dute, elkarlanean. Bigarren kantua, aldiz, Gailu andoaindarrek eta Nakar donostiarrek egin dute, Beñat Gaztelumendik idatzitako koplekin.