Hemen da, hasi da ofizialki hauteskunde kanpaina. Hamabost egun zoragarri, non hautagaien aurpegiak edonon ikusiko ditugun. Eta sortzaile jartzen bagara, eta hautagai jaun-andreei laguntzen badiegu beren ekintzak erakargarriagoak izan daitezen publiko orokorrarentzat eta boto-emailearentzat bereziki? Hasteko, sekulakoa litzateke, behingoagatik, diskurtsoa besteen akatsetan eta norberak dituen onuretan ez oinarritzea. Era berean, ohiko kartelen eranskailu zaharkitua ordezka lezakete, eta teknologia edo artea erabili beren hautagaitza grafikoak erakusteko. Adibidez, Matusalenek baino urte gehiago dituzten teila koloreko euskarrietan kartelak jarri beharrean, momentuan egindako mural bat margotzea ondo egongo litzateke. Egun batzuk haien aurpegiak ikusten emango ditugunez, gutxienez modu artistiko batean ikustea ondo legoke. Eta zer iruditzen zaizue beren proposamenak errimekin edo bertsoekin aldarrikatzen badituzte, edo txalupan Zadorra zeharkatzen duten bitartean aldarrikatzea, edo agian, alderdien arteko saskibaloi txapelketa txiki bat jolastea. Nork irabaziko luke, ezkerrak ala eskuinak? Edo bizikleta lasterketa bat antolatzea, egun hauetan Itzulia dugula aprobetxatuz. Komunikabideetan lan egiten dugunok asko eskertuko genituzke horrelako ekintzak.
- Multimedia
- Servicios
- Participación