Ensanche 21 Zabalgunea Udal Hirigintza Sozietateak herritar guztientzako online saio bat egingo du urriaren 2an, asteazkena, 9:00etan, eraikinen parkea deskarbonizatzeko teknikak sustatzeko beharrari buruz.
Jardunaldi honetan César Bartolomé Muñoz izango dugu hizlari, Instituto Español del Cemento y sus Aplicaciones (IECA) institutuko teknologia-zuzendaria. Institutu pribatu teknikoa da IECA, eta zementuari eta produktu eratorriei buruzko (hormigoia, morteroak eta beste aplikazio batzuk) ezagutzak eta teknologiak aztertzen ditu, eta horien inguruko aholkularitza eskaintzen eta zabalkunde-lana egiten du.
Saioaren izenburua honako hau izango da: “Arkitektura deskarbonizatzea. Hormigoizko eraikinen karbono-aztarna murrizteko diseinu-estrategiak”. Hitzaldian nabarmendu egingo da ezinezkoa izango dela deskarbonizatutako gizarte baterantz trantsizioa egitea, eraikinen parkeak deskarbonizatu gabe”.
Horretarako, zementuaren deskarbonizazioan aurrera egiteko hartzen ari diren azken neurriak azalduko dira.
Hala, zenbait gako azpimarratuko dira, hala nola “iturri berriztagarrietatik datozen lehengaiak eta energia erabiltzea, hondakinen tratamendua hobetzea eta hormigoia diseinatzeko eta egiteko prozesua digitalizatzeko beharra. Modu horretan, berretsi egin nahi da Gasteizek 2030erako klima-neutraltasunaren konpromisoan aurreratzeko egindako apustua”, Borja Rodríguezek, 21 Zabalguneko presidenteak zehaztu duenez .
Jardunaldia Europako URBANEW proiektuaren barruan kokatzen da. Proiektu horrek “Hiri adimendun eta klimatikoki neutroak” (NetZeroCities) Europako misioan parte hartzen duten Espainiako hiriak biltzen ditu, zeinak trantsizio ekologikoaren buru baitira: Bartzelona (Bartzelonako Habitage i Rehabilitació Udal Institutua –IMHAB–), Madril, Valentzia (Valencia Clima i Energia), Valladolid, Gasteiz, Sevilla eta Zaragoza. Zazpi hiri horietaz gain, bi erakunde laguntzailek parte hartzen dute partzuergoan: CIRCE teknologia zentroa eta Cesefor fundazioa.
Europako proiektu horren bitartez, zazpi hiri horiek energia-birgaitzea eta eraikuntza-materialen ordezkapena sustatzeko ekintzak sustatuko dituzte elkarrekin, karbono-aztarna txikia duten tokiko lehengaien erabilera bultzatuz eta energia berriztagarrien hedapena sustatuz, autokontsumo-ereduak eta energia-komunitateak tarteko.