Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiekin eta Eudel Euskadiko Udalen Elkartearekin batera sustatzen duen Beldur Barik 2025 lehiaketara bideoak aurkezteko epea azaroaren 9ra arte dago zabalik.
Lehiaketa Beldur Barik programaren baitan dago, eta gazteen artean indarkeria matxista saihesteko eta haiekin batera hausnarketa eta eztabaidak sustatzeko helburua du, 'Beldur Barik Jarrera' bultzatuz, Emakundek jakinarazi duenez.
Aurtengo edizioaren berrikuntza nagusia da sare sozialetan hain zabaldua dagoen POV (Pointo Of View) erako bideo laburrak ere aurkeztu ahal izango dituztela gazteek. Helburua da lehiaketa egokitzea, gazteek sareetara igo ohi dituzten bideo formatuak ere kontuan hartuz. Formatu horren bidez, indarkeria matxistaren inguruko egoera baten aurrean gazteek euren ikuspuntua edo erantzuna adieraz dezaten bilatzen da.
LEHIAKETA
Lehiaketan 12 eta 20 urte bitarteko gazteek har dezakete parte, banaka edo taldeka, bi kategoriatan banatuta: 12-16 urte (2013 eta 2009 artean jaiotakoak) eta 17-20 urte (2008 eta 2005 artean jaiotakoak).
Aurkeztutako ikus-entzunezkoek gazteen jarrera kritiko, eraikitzaile eta konprometitua islatu behar dute indarkeria matxistaren aurrean, hau da, 'Beldur Barik Jarrera' adierazi behar dute: parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria matxistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin.
Sarien artean daude 650 euroko sariak taldeentzako eta 200 euro gehi liburu sorta banakako lanentzat, baita publikoaren saria (300 euro) eta ikus-entzunezko lan onenaren saria (300 euro) ere
Gazteek ikastetxe, gazteleku, aisialdi talde, elkarte edota emakumeen etxeen bitartez edo haien kabuz aurkeztu ahal dituzte bideoak. Lehiaketaren oinarriak programako webgunean kontsulta daitezke, baita bideoen sorkuntzarako lagungarria izan daitekeen materiala. Parte hartzea zabalik egongo da azaroaren 9ra bitarte, eta izen-ematea webgunearen bidez egin beharko da.
Sarien artean daude 650 euroko sariak taldeentzako eta 200 euro gehi liburu sorta banakako lanentzat, baita publikoaren saria (300 euro) eta ikus-entzunezko lan onenaren saria (300 euro) ere. Lan sarituak azaroaren 28an egingo den Beldur Barik Topaketan jakinaraziko dira, indarkeria sexista eta matxistaren aurkako borrokan ari diren gazteen topagune bilakatuko den ekitaldian.