Gasteizko Udalak eta Arabako Medikuen Elkargo Ofizialak BihotzAraba Bihotzaren Hamabostaldiaren bederatzigarren edizioa antolatu dute, bihotz-biriketako bizkortzearen eta aire bideen buxaduraren oinarrizko maniobrei buruzko prestakuntza programa berriarekin. Doako hamar ikastaro izango dira 16 urtetik gorako 160 pertsonarentzat, urriaren 21etik 31ra, eta izena emateko epea zabalik dago.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ikastaroek hiru orduko iraupena izango dute eta goizez edo arratsaldez egingo dira Arabako Medikuen Elkargoaren egoitzan. Zati teorikoa eta praktikoa izango dituzte, eta banako erabilerako manikiak eta erakuspen-desfibriladoreak erabiliko dira.

Ana Lopez de Uralde Gasteizko Udaleko Osasun zinegotziak azaldu du tailerrren helburua dela "herritarrak gaitzea bizi arriskuko egoerak identifikatzeko, biziraupen katea azkar aktibatzeko eta pertsona helduak, haurrak eta bularreko haurrak bizkortzeko oinarrizko maniobrak aplikatzeko".

Era berean, gogorarazi du udal webgunean zenbait bideo daudela ikusgai, non profesional medikoek bihotz-biriketako geldialdietan jarduteko maniobra metodoa nola egin, eztarria trabatuz nola jokatu eta desfibriladore bat zuzen nola erabili azaltzen duten.

Bestalde, Arabako Medikuen Elkargoak gogorarazi du urtero 30.000 pertsona hiltzen direla bihotz-biriketako geldialdiagatik Espainiako Estatuan, eta hamar geldialdi horietatik sei osasun zentroetatik kanpo gertatzen direla, normalean biktimen etxean. Hala ere, hamar pertsonatik hiruk bakarrik jakingo luke bihotz-biriketako birkortze bat egiten bihotzeko istripua izanez gero.

Bihotz-biriketako geldialdi batean, igarotzen den minutu bakoitzeko, suspertzeko aukerak %10 eta %20 artean murrizten dira. Horregatik, Arabako Medikuen Elkargoko prestakuntza arduradun Maria Jesus Serna doktorearen hitzetan, "ezinbestekoa da ahalik eta herritar gehien trebatzea larrialdi zerbitzuak iritsi arte biziraupen kate horren lehen kate maila izan daitezen".

"Bizitza arriskuan dagoen egoera baten aurrean esku hartzeari beldurra galdu behar zaio, eta horretarako gakoa prestakuntza da", gaineratu du.