Bihar larunbata, irailak 21, Alzheimerraren Mundu Eguna izango da eta Gasteizko Udalak egun horrekin bat egin du. Arrazoi hori dela eta, berdez argiztatuko ditu udaletxeko fatxada, Arkupeko ibilbidea eta Antso Jakituna kaleko pergola.
Alzheimerra dementzia mota bat da eta arazoak eragiten ditu memorian, pentsamenduan eta portaeran
Alzheimerra dementzia mota bat da eta arazoak eragiten ditu memorian, pentsamenduan eta portaeran. Oro har, sintomak pixkanaka garatzen dira, eta denborarekin okertu. Azkenerako, sintomak larriak izaten dira eta eguneroko lanak egitea oztopatzen dute. Adituen arabera, arrisku-faktore garrantzitsuena adina da; izan ere, 65 urte baino gehiago dituzte dementzia hori duten gehienek. Gaixotasuna detektatzean, hori jasaten duten pertsonek zortzi urteko biziraupen-itxaropena izaten dute batez beste, baina biziraupen hori lau eta hogei urte artekoa izan daiteke. Estimazioen arabera, Estatu osoan bost milioi pertsonek jasaten dute gaixotasun hori (zuzenean gaixotasun hori dutenak eta haiek zaintzen dituzten senideak kontuan hartuta).
Bestalde, amaitu dituzte Mauro Ortiz de Urbina Iribarrenen Estudiando obra zaharberriteko lanak. Lan zehatza egin ondoren, obraren zaharberritze- eta markoztatze-lanak amaitu dituzte. Mauro Ortiz de Urbina (1882-1936) margolari gasteiztarrak bere gaztaroan egindako lana da, eta oso hondatuta zegoen. Horregatik, zaharberritze integrala egin behar izan da eta lan horietarako aurrekontua 5.757,18 eurokoa izan da.
Zaharberritutako koadroa Pilar Arostegi Udal Artxiboko kontsulta-aretoan ikus daiteke dagoeneko, 09:00etatik 14:00etara.