Gasteizko Alde Zaharreko arrapala mekanikoetako beirateek Manuel Iradier Txangozale Elkartearen gertakari historikoen argazkiak erakutsiko dituzte bere 75. urteurrena dela eta.

Inaugurazioa berriki egin dute San Frantzisko Xabierkoaren kantoian, elkarteak Pintore kalean duen egoitzatik metro gutxira, eta bertan izan dira Beatriz Artolazabal Gasteizko alkateorde eta Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotzia eta Fernando Casi Manuel Iradier Txangozale Elkarteko presidentea, besteak beste.

Casik aduerazi duenez, "Alde Zaharreko txoko berezi honetan prestatu dugun erakusketa honen bidez, urte hauetan guztietan egin ditugun jardueretako batzuk eta gure historiako une esanguratsu batzuk partekatu nahi izan ditugu gasteiztar guztiekin".

Argazkiak urte amaierara arte egongo dira ikusgai

Era berean, Artolazabalek nabarmendu du arrapaletako beirateetan biniloak jartzea egokia dela "gure paisaiaren baitan" daudelako, eta, hala, Manuel Iradier Txangozale Elkarteak egindako ibilbide historikoari "begirada bizkorra" eman dakiokeelako. "Gure espazio publikoak gure historia islatzeko ere baliagarria izan beharko luke eta Txangozale Elkartearen historia herritar guztiei erakutsi eta haiekin batera partekatu beharrekoa da", esan du.

Argazkiak urte amaierara arte egongo dira ikusgai, eta gizarte etxeetan ikusgai dagoen erakusketari eta Pintore kaleko egoitzan jendearentzat irekita dagoen 'Txingarrak' erakusketari gehitu zaizkie. Ekimen horiek guztiek Vital Fundazioaren laguntza nagusia izan dute.