Urduñan (Bizkaia) ospatuko da Euskal Eskola Publikoaren 32. Jaia 2025eko ekainaren 1ean, 'Lurra, herria, eskola errotu' lelopean, Ordiziaren (Gipuzkoa) lekukoa hartuz. Lurrean eta herrian txertatua dagoen hezkuntza eredu publikoa aldarrikatu nahi izan dute leloaren bidez, antolatzaileek ostegun honetan aurkezpenean azaldu dutenez.

Prentsaurrekoan parte hartu dute Eba Colomino eta Javi Ortega Urduña Herri Eskolako guraso eta guraso ohiek, Uxue Mendibil Urduñako Udaleko Hezkuntza zinegotziak eta Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzaileak. Urduñako eskolako zuzendari, irakasle eta ikasleak eta Aiaraldeko eskola publikoetako gurasoen elkarte eta zuzendaritzen ordezkariak ere egon dira bertan.

'Lurra, herria, eskola errotu' leloaren bidez lurrean eta herrian txertatua dagoen hezkuntza eredu publikoa aldarrikatu nahi izan dute. 'Lurra', elikadura erdigunean ipintzen duen eskola delako.

Ildo horretan, azaldu dutenez, hainbat urtetako lanaren ondorioz, 2018-2019 ikasturtean martxan jarri zen Urduñako eskola jantokiaren proiektu pilotua, eta ordutik erreferente izan dira elikadura burujabetzaren arloan Estatu mailan.

Horrekin batera, patioa eraberritu dute, herriko umeei espazio lagunkoi eta hezitzaile bat eskainiaz. Bide honetatik jarraitzeko, eskolan sukaldea propioa izatea eskatu dute, oraingoa eskola ondoan dagoen zaharren etxean dagoelako.

Era berean, 'herria' kontzeptuari dagokionez, azaldu dute Urduñako hiritarrek orain 30 urte herri eskola sortzea lortu zutela, "publikoa izango zen eskola batek soilik bermatu zezakeelako belaunaldi berrien euskalduntzea". "Eskola komunitate osoaren konplizitatea eta auto antolakuntzari esker, hezkuntza proiektua etengabe hobetu du, umeak erdigunean izanik. Familiak, irakaslegoa, inguru hurbila, hiria", adierazi dute.

Hirugarrenik, sistema publikoaren aldeko instituzioen apustu irmoaren beharra nabarmendu nahi izan dute 'eskola' kontzeptuarekin, beharrei erantzungo dieten baliabide berrituak eta inbertsioak eskaintzea, alegia, azpiegitura egokiak, haurreskolerako ordutegi zabal eta malguak eta beste.