Herritarrek gautxori morea gaueko autobus zerbitzua erabili ahalko dute lehen aldiz Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan. Joan-etorrietan emakumeen eta 18 urtetik beherakoen segurtasuna hobetzera zuzendutako zerbitzua da gautxori morea.

Tuvisa Gasteizko garraioko udal enpresak gogorarazi du eskariaren araberako zerbitzu hori gautxori lineetan eskaintzen dela eta ibilbideko geltoki ofizialen artean igoera edota jaitsiera eskatzeko aukera ematen duela.

Gainera, gautxori morea martxan jarri zenetik hobekuntza berri bat dago, aukera eskaintzen duena eskariaren araberako jaitsiera batzuk egiteko. Horrela, geldialdi morea eskatzeko, nahikoa da telefonoan 'Gautxori morea' aplikazioa instalatuta izatea. Eskariaren araberako geldialdiak erabiltzailearentzat arriskutsuak ez diren baldintzetan egingo dira.

"Gaueko autobus-zerbitzu honen xedea emakumeen eta 18 urtetik beherakoen joan-etorrietan segurtasuna hobetzea da. Gautxoriko lineetan eskaintzen da zerbitzua, ibilbideko geltoki ofizialen artean igotzea edo jaistea eskatzea ahalbidetzen duena", azpimarratu eta gaineratu dute Gasteizko Udaletik: "Zerbitzu pilotu honek Gautxoriko gaueko linea guztietako geraldi more gisara zehaztutako lekuetan autobusera igo zein jaisteko aukera ematen du, Gautxori Morea izeneko aplikazio mugikorraren bidez. App-a instalatu ondoren, erregistratu egin behar zara, zure datu pertsonalak eta garraio-txartelaren (BAT, Barik edo Mugi) zenbakia emanez. Erregistro-prozesua amaitzeko, egiaztapen-kode bat jasoko da, eta, sartu ondoren, app-a erabili ahal izango da Gautxori erreserbatzeko. App-an non igo eta non jaitsi nahi duzun aukeratu ahalko duzu".