Florida parkeko Gabonetako izotz-pista gaur abenduaren 16an, larunbatean, irekiko da. Atzo arratsaldean estreinatzea aurreikusita zegoen, baina enpresa esleipendunak jakinarazi duenez, hozteko makinaren “akats mekaniko batek, aurreikusterik eta konpontzerik ez dagoenak”, irekiera atzeratu du. Muntaketaz eta zerbitzua emateaz arduratzen den enpresak Udalari jakinarazi dionez, makinaren ordez beste bat jarri dute, eta pista bihar egongo da martxan.
Aurreko edizioetan bezala, instalazioak patinatzeko bi gune izango ditu, bata helduentzat eta bestea haurrentzat, eta txirrista bat. Izotz-pista nagusiak, kioskoa inguratzen duenak, 700 metro karratuko azalera du. Txikienek, berriz, patinatzeko espazio propioa dute, eta bertan taka-takak erabili ahal izango dituzte. Txirristari dagokionez, azalera sintetiko irristakorra da, eta 30 metro luze diren kaleak ditu. Kale horietatik helduak eta txikiak jaitsi ahal izango dira.
Patinatzeko eta txirristatik behera jaisteko, aldez aurretik sarrera bat erosi beharko da, leihatilan, pistan bertan, edo internet bidez. Izotz-pistaren prezioa 4,75 eurokoa da 16 urtetik gorakoentzat eta 2,95 eurokoa txikiagoentzat. Txirristari dagokionez, sarrerak 1 euro balio du.
Gabonetako aisialdiko eremua urtarrilaren 7ra arte egongo da zabalik 10:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 22:00etara, abenduaren 24an eta 31n, Gabon-gauean eta Urtezahar-gauean izan ezik, egun horietan 20:00etan itxiko baita. Gainera, gaueko saioak izango dira abenduaren 23an eta 30ean eta urtarrilaren 6an, Errege Magoen egunean, 22:00etatik 00:00etara.