Ohitura osasungarriak, elikadura zuzena eta kirola erregulartasunez egitea (gutxienez astean hirutan) maiz gomendatzen diren gomendioak dira, baina herritar askok ez dituzte praktikan jartzen. Eta beste behin ere, osasuna zainduz gero bizitza luzatu daitekeela gogorarazi nahi izan du ekimen berri batek. Horregatik, Mapfre Fundazioak denboraren makina aurkeztu zuen atzo hirian. Ekimen honen bidez, ohitura osasungarrien balio

ak irakatsi nahi zaizkie herritarrei, urte gehiago bizitzeko.

Hala, atzo aurkezpenean azaldu zutenez, biztanleen bizitza- eta osasun-ohiturei buruzko datuek erakusten dute bizi-ohitura osasungarriek osasunari laguntzen diotela: Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, modu osasungarrian jateak eta kirola erregulartasunez egiteak %75 murriztu dezake bihotzeko gaixotasunek eragindako heriotza-tasa, eta minbiziaren gaixotasunak %40, hain zuzen ere, gaur egungo heriotza-arrazoi ohikoenak. Dieta orekatua egiteak, pisu osasungarria izateak, jarduera fisikoa erregulartasunez egiteak eta tabakorik ez erretzeak, gaixotasun horien arriskua murrizten laguntzen du, gaitasun fisikoa eta mentala ere hobetuz eta zahartze osasungarria sustatuz. Horretaz eztabaidatu zuten atzo, hain zuzen ere, denboraren makina hau aurkezteko orduan. Mapfre Fundazioak baloratu zuenez, denboraren makina SemFYCko Prebentzio Jardueren eta Osasunaren Sustapenerako Programaren (PAPPS) lankidetzarekin aurkeztu den proiektua da, bizimodu jakin batek bizi-itxaropenean eta -kalitatean duen eraginaz herritarrak sentsibilizatzeko. Izan ere, kanpaina honekin ohitura osasungarriak beste ikuspegi batetik aztertzen dira. Erakutsi nahi da zer eragin izan dezakeen osasunean eta bizi-itxaropenean bizi-ohiturak aldatzeak. Planteamendu berri baten bidez, adituek erakutsi nahi dute nola bizi ahal izango den gehiago eta hobeto, parte hartzaile bakoitzari beraien egoera errealari buruz kontzientziatuz, eta nola hobetu bere bizi-itxaropena azalduz.

Kanpainaren aurkezpenean, Antonio Guzmán Mapfre Fundazioko Osasuna Sustatzeko zuzendariak hartu zuen parte. Haren esanetan, “Espainian lehenengo aldiz erabiltzen da bizitza-estiloei buruzko galdetegi mediko oso bat, gure ohiturak aztertzeko eta horietako bakoitzerako hobekuntza-eremu espezifikoak identifikatzeko aukera ematen duena”. Izan ere, horixe da berritasuna, herritarrei banan-banan laguntzea beren bizimodua ezagutuz eta gauzak hobeto eginez bizi-itxaropena luzatu dezaketela jakin dezaten lagunduz. Aipatutakoaz gain, beste tresna batzuk ere erabiliko dira, hala nola sanofiaren bihotzaren adinaren kalkulagailua. Hala, parte-hartzaileak jakin ahal izango du bere adina bere adin kardiobaskularrarekin bat datorren. Emaitzak lagundu egingo die herritarrei gaixotasun kardiobaskularrak izateko arrisku handiagoa duten identifikatzen, gaixotasun horiek prebenitu ahal izateko. Azkenik, bisitarientzako aholkuak eta ondorioak ere emango dira. Adibidez, “esan ahal izango diegu 14 urte gehiago bizi daitezkeela ohiturak hartzen badituzte, edo zazpi urte gehiago kirola egiten hasten badira”, azaldu zuen.

Denbora-makina horren aurkezpenean, Gasteizko alkateak, Gorka Urtaranek eta Susana Martínek ere parte hartu zuten, smFYCko PAPPS Prebentzio Jardueren eta Osasuna Sustatzeko Programako kideak. Balorazioan, Martinek ziurtatu zuen garrantzitsua dela herritar guztiek bizi-ohitura osasungarriak hartzea, eta garrantzitsua dela horiek osasunean izan ditzaketen onurak ezagutzea. “Zalantzarik gabe, bizimoduaren aldaketa jakin batzuk eraginkorrak dira pertsonen osasuna hobetzeko eta gaixotasun-karga murrizteko. Batera eta modu integratuan uztartzeak sustapen- eta prebentzio-ekintzen eragina hobetzen du, baita haien eraginkortasuna ere”, ziurtatu zuen. Ildo horretan, profesionalak azaldu zuen bizimodu ez-osasungarrien prebalentzia handiak beharrezkoa egiten duela horietan esku hartzea. “Kasu horietan, garrantzitsua da herritarrak sentsibilizatzea ohiturek gure bizi-itxaropenean izan dezaketen eraginaz. Zalantzarik gabe, bizimodu osasungarria hartzean zenbat urte irabaz ditzaketen erakustea oso eraginkorra izan daiteke. Guk urteak daramatzagu biztanleei transmititzen urte gehiago eta hobeto bizitzeko bizimodu osasungarria egitearen garrantzia, eta azpimarratzekoa da familiako medikuak arlo horretan duen funtsezko eginkizuna”, azpimarratu zuen. Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ere positibotzat jo zuen herritarren osasunaren aldeko apustua egiten jarraitzeko ekimen berri hori. “Osasuna da daukagun gauzarik garrantzitsuena. Hura galtzen dugunean, beste guztia bigarren maila batera pasatzen da eta garrantzia galtzen du. Horregatik, gure osasuna zaindu behar dugu eta lehentasuntzat jarri. Denboraren makina bezalako ekimenek lagun-tzen digute jabetzen zein egoeratan gauden eta zer egin dezakegun gure bizi-ohiturak hobetzeko. Aldaketa txiki eta ohitura onekin, gehiago bizitzeaz gain, hobeto bizi gaitezke”, nabarmendu zuen. Kanpaina honetako jarduerak hainbat hiritako autobus pertsonalizatu baten bidez egingo dira. Autobus horretan, langile kualifikatuek hainbat proba egingo dizkiete herritarrei. ‘Denboraren makina’ gaur jarriko da Probintzia plazan, 10:00etatik 18:00etara.