2023. urte osoan, Merkatuko beste zerbitzu batzuen sektorean prezio finkoko salmentak %6,0 igo dira 2022. urtearen aldean, Eustatek landutako datuen arabera. Merkatuko beste zerbitzu batzuen sektorean sektore hauek sartzen dira: Garraioa eta biltegiratzea, Ostalaritza, Informazioa eta komunikazioak, Jarduera profesionalak, zientifikoak eta teknikoak, eta Administrazio-jarduerak eta zerbitzu lagungarriak.

Urte osoan bilakaera positiboa izan da sektore guztietan, Administrazio-jarduerak eta zerbitzu lagungarriak sektorean izan ezik; izan ere, 2023an salmentak 2022an erregistratutakoak baino %0,9 txikiagoak izan dira.

2023an emaitza positiboak izan dituzten gainerako sektoreen artean, Garraioa eta biltegiratzea nabarmentzen da, urte osoan %11,6ko hazkundearekin. Informazioa eta komunikazioak sektorean salmentak %5,2 gehitu dira 2022aren aldean, eta Ostalaritzan %5,0. Jarduera profesional, zientifiko eta teknikoen sektorean %0,7ko igoera izan da.

2023an, lurralde historikoen arabera, salmenta-indizeak %9,8 egin du gora Gipuzkoan, %7,0 Araban eta %3,7 Bizkaian.

2023ko laugarren hiruhilekoan ikusitakoari erreparatuta, Euskal AEko merkatuko beste zerbitzu batzuen sektoreko salmentak %2,5 igo dira aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, prezio finkoetan eta egutegiaren ondorioak kenduta.

Aurreko hiruhilekoaren aldean, urtaroen araberako eragina kenduta, prezio finkoetan egindako salmentek ez dute inolako aldaketarik izan (hiruhileko arteko tasa: %0,0).

Merkatuko beste zerbitzu batzuen sektorearen barruan, urteko azken hiruhilekoan salmenta errealen urte arteko susperraldia gertatu da, Informazioaren eta komunikazioen sektoreak (%8,1) eta Ostalaritzak (%4,6) bilakaera ona izan dutelako. Garraio eta biltegiratze sektorean eta Jarduera profesional, zientifiko eta teknikoetan ere salmentek joera positiboa izan dute urteko laugarren hiruhilekoan, %1,5 eta %1,3ko urte arteko hazkundeekin, hurrenez hurren. Jarduera administratiboak eta zerbitzu lagungarriak sektorean, aldiz, salmentak %1,1 jaitsi dira aurreko urteko hiruhileko beraren aldean.

2023ko hirugarren hiruhilekoaren aldean, urtaroen eragina kenduta, salmentek behera egin dute, balio errealetan, Ostalaritzan eta Garraio eta biltegiratzean, %1,3 eta %0,1, hurrenez hurren. Informazioaren eta komunikazioen sektorean, aldiz, salmentak %1,4 igo dira hiruhileko artean, eta Administrazio-jardueretan eta zerbitzu lagungarrietan %0,8. Jarduera profesional, zientifiko eta teknikoetako salmentak, azkenik, aurreko hiruhilekoan ikusitako maila berean kokatu dira (hiruhileko arteko %0,0ko tasa).