Gasteizko Udaleko Kirol Zerbitzuak hiru bisita gidatu antolatu ditu apirilaren 23an eta 30ean Mendizorrotzeko futbol zelaira, bere mendeurrena dela eta. Guztira, 150 lagunek izango dute estadioa ezagutzeko aukera, eta zozketa bidez aukeratuko dira 75 sarrera bikoitzen irabazleak.

Guztira, 150 lagunek izango dute estadioa ezagutzeko aukera

Gainera, emakumezkoen futbola sustatu nahian, eta Gasteizko Udaleko Kirol Zerbitzuak lagunarteko partida antolatu du maiatzaren 1ean Deportivo Alaves Gloriosas eta Athletic Club emakumezkoen taldeen artean Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez.

Bada, apirilaren 23an 17:30ean eta 18:30ean izango dira bisita gidatuak, eta apirilaren 30ean 17:30ean. Bertaratzen direnek aukera izango dute prentsa aretoa, eremu mistoa, aldagelak, zelaira iristeko tunela eta aulkiak ezagutzeko. Bisita amaitzeko, Alavesen jokalariekin eta Babazorro maskotarekin argazkia aterako dute.

Zozketan parte hartu nahi dutenek hiru bisitakoren batean izena eman ahal izango dute astelehen honetatik larunbatera arte, udalaren webgunean dagoen formularioaren bidez. NAN edo AIZ bakoitzeko izen-emate bakarra onartuko da, eta derrigorrezkoa izango da 18 urte beteta izatea.

Apirilaren 23an 17:30ean eta 18:30ean izango dira bisita gidatuak, eta apirilaren 30ean 17:30ean

Irabazleen izenak apirilaren 22an argitaratuko dituzte. Zozketan irabazle ateratzen direnak Mendizorrotzeko futbol zelaiko 1. atera joan beharko dira, eta sarrerak zozketan izena emandako pertsonarentzat (NANa erakutsi beharko du horretarako) eta harekin batera joango denarentzat izango dira (adingabea izan daiteke).

Bestalde, Deportivo Alaves Gloriosas eta Athletic Club taldeen arteko lagunartekoa maiatzaren 1ean izango da, 17:00etan, eta sarrera doakoa izango da gonbidapenarekin (Alavesen denda ofizialean jaso ahal izango dira, astelehenetik larunbatera, 08:30etik 14:00etara). Gasteizko Udalak 1.300 gonbidapen banatuko ditu hiriko ikastetxeetako ikasleen artean, kirol erakundearekin sinatutako hitzarmenari esker.