Síguenos en redes sociales:

Bidai koadernoa

Toscanako muinoetan (I)

Toscana hitza entzun eta irudi bat datorkigu askori burura. Bizikletan zeharkatzea otu zaigu halakoa den ala ez ikusteko eta irudi horretatik haratago ea zer gehiago ezkutatzen duen jakiteko

Toscanako muinoetan (I)Eneko Eizagirre

Ortebello-Monte Argentarioko tren geltokian jaitsi gara, geldialdi azkar batean alportxaz beteriko bizikletak jaisteak sortu ohi duen antsietate puntuarekin. Iritsi gara, eta ez da gutxi. Bizikleta bidaia bat Trenitalia tren zerbitzuarekin hastea, abenturan guztiz murgiltzeko modu ezin hobea da. Florentziatik irten gara goizean, mukuru zegoen tren batean sartuta. Edukazio ona eta zabarkeria uztartuz bide egin dugu bizikletak gordetzeko dagoen bagoira. Tren zerbi-tzuko langile batek kanpoan geratu direnei adierazi die tren berezi bat jarriko dutela sartu ezinda geratu diren pertsonentzako. Atzerritarrek sinetsi egin diote, bertakoek, aldiz, barrez lehertzen hasi dira. Ordubetez zutik eta zurrun egon ostean, Livornon tren aldaketa. 30 segundo nasa batetik bestera igarotzeko. Jarraian ordu eta erdi leihotik paisaia atzerantz nola doan ikusten. Lortu dugu. Bizikletari eragiten hasi gaitezke.

Toscana hego muturrean gaude eta gure asmoa modu sigi-sagatsuan iparralderantz jotzea da, bidea eginez topatzen dugunaren arabera. Lehen kilometroak plazera izan dira, treneko kontuak atzean utzita Tirreniar itsasoko usaiak inguratzen baikaitu eguzki goxoarekin batera. Gorputza umore ona berreskuratzeko kilometro batzuk egin ostean, Toscanak bere zaporearen osagaiak erakutsi dizkigu, ‘sterrato’-a, inguru hauetan hain ohikoak diren hartxintxarrezko bideak, malda pikoak eta herri harresituak.

Capalbio izan da osagai guztien nahasketatik irten den lehen platera. Muino baten gainean, itsasbazterreko lautadaren talaia paregabean, zuzengunerik ez duen herrixka biribildua dugu hau. Itsasoa atzean utziz barnerantz goaz, geroz eta gehiago tolesten den lurralde batean. Pitiglianora iristean lezio bat jaso dugu: herri batera iristeko, beti, beti, beti, malda gogor bat igo beharra dago ordainsari moduan. Basoz estaliriko meandro batean, amildegi garaiez babestua, Etruskoen garaitik dago herri hau kokapen ikusgarri honetan.

Inguru hau Tobaren lurraldea bezala da ezaguna, arroka bolkaniko mota baten ondorioz. Tobarena ez da bitxikeria geologiko bat, bertakoen bizi-tza baldintzatu izan duen material bat baizik. Lantzeko erraza izanik, etruskoak hasita gaur egunera arte bertako biztanleek mailu eta zizelarekin euren leku erlijiosoak, biltegiak, etxeak nahiz kotxearen garajeak eraiki izan dituzte. Soranon, beste meandro malkartsu batean eraikiriko herri ezin ederragoan, harkaitzetan zulaturiko egitura ugari ikusi daitezke han eta hemen.

Bagni di San Filippoko termak.

Bizikletan bidaiatzean batzuetan badirudi ingurune berdinean zabiltzala aurrera eta atzera: paisaia berdinak, landareri berdina, itxura antzekoa duten herriak… beste batzuetan, aldiz, ezustean aldaketa bat dago, mapari begira aurreikusi ezin zitekeen aldaketa nabari bat. Halako batean gaude orain. Maldan behera luze batean basoak atzean utzi eta gari soro zabalak agertu dira gure aurrean, lore hori txiki ugaridun zuhaixkak eta urrunetik ikusten diren altzifre zuhaitz lirain eta ilunak. Eguzkia eta haize leun goxo batez lagundurik, irribarretsu jaitsi dugu aldapa errepideko zuloak saihestuz, italiar ahobero batek kotxeko klaxona jo eta jo bidea berea eta soilik berea dela oihuka hasi den arte: “Ou, ma non rompere!”

Esan bezala herri guztiak muinoetan daude, baita tarteka bakanduta ager-tzen diren baserriak ere. Hori hala izanda eta kontutan hartuta ikusi ditugun guztiak politak iruditu zaizkigula, aukeraketa egin behar izaten dugu tarteka, pena apur batekin hasieran, baina gutxiagorekin horietako ba-tzuetara iristeko ageri diren horma moduko maldekin. Hainbeste gora eta behera, terma batzuetara bisita merezia dugula pentsatu dugu, inguru hauetan dezente daudela ikusi baitugu eta Bagni di San Filippo ezagunetara gerturatu gara. Ikusgarria da bertako ikuspegia. Izoztua dirudien ur-jauzi tripa-handi bat, laino xamur batzuen antza surrealista duen harmailekin. Herritarrak, Olinpoko jainkoak bailiran, lainoetan daude etzanda, sufre usaindun ur txorrotaren laztanak jasotzen. Irudia ikusgarria da dudarik gabe, baina bertako bainua nahiko eskasa. Debekatua dago bainatzea gainera, baina hori hemen aipamen baliogabe bat besterik ez da.

Indar berrituta edo, lurralde zimurtuan barna jarraitu dugu pedalei eragiten eta bat-batean milioika aldiz erreproduzitu diren argazki, koadro eta postaletako paisaia batean sartu garela ohartu gara. Alde guztietan gari soroz estaliriko muino borobildu leunak daude, etxe/eliza/jauregitxo/herrixka baterako bidea marrazten duen altzifre lerro bihurriekin. Toscana hitza esan eta burura datorkizun irudia, horixe da Val d’Orcia. 

Gure sakelakoen argazki kamerak ikusten ari garen ilunabar ederra laburbiltzeko gai ez direla ohartuta, Monticchiello herri txiki (nola ez) politaren futbol zelai ertzean jarri dugu kanpin-denda eta parean dugunaz gozatzeari ekin diogu. Moretti garagardo bat esku batean dugula, eta behien urdailarekin eginiko Lampedotto Toscanako ogitarteko klasikoa bestean, hurrengo egunean igo beharko ditugun muinon zerrenda amaigabearen atzean ezkutatuz agurtu gaitu eguzkiak. Bihar gehiago, ondo lo egin, sogni d’oro.