Espainako arte eszenikoen Max sariketako azken fasera hiru hautagaitzarekin heldu zen Andereño ikuskizunaren lantaldea: Fran Lasuen musikagilea konposizio onenarekin, Ion Chavez argiztapen onenarekin eta an-tzezlana bera haur, gazte eta familientzako lan onenarekin. Azkenarekin itzuli ziren Zornotzara (Bizkaia), baina Max sariketaren galan egotea bera lorpen handitzat hartu dute. “Bertan konturatu ginen konpainia, profesional eta proiektu artistiko handi horiekin guztiekin egotea oso-oso lorpen handia zela”, aipatu du ezin ezkutatuzko ilusioarekin Miren Larrea antzezlanaren sortzaileak.
Halako une historikoa ezin galdu eta Anita Maravillas konpainia osatzen duten kide guztiak izan ziren Meridako (Extremadura) galan. Joan ere, Durangoko Ganso & CIA konpainiako kideekin joan ziren, eurak ere izandatuak izan baitziren. “Pozarren joan ginen”, aitortu du Larreak azken asteetako “zoramen” goxoa gogora ekarri bitartean. “Sorpresa eta poztasun handia hartu dugu”, gaineratu du.
GERRA EZ DA UMEEN LEKUA
Txotxongilo ikuskizunak basoan eskola bat eraikitzen duen andereño baten lana erakusten du. Ikasleak askatasunez ikasi eta bizi daitezen nahi du, eta basoko animalia guztientzako sor-tzen du eskola. Bat-batean, nagusiek gerra hasi eta haurrek eskola utzi beharko dute.
Miren Larrea ideiaren sortzaileak azaldu du aspalditik zuela gerrako haurren gaia lantzeko gogoa. Bizkaiko portuetatik gerra garaian itsason-tziz joandako haurren argazkiak ikusi zituenetik buruan iltzatuta geratu zitzaion ideia: “Inpresio handia eragiten zidaten. Behin eta berriz begira-tzen nituen eta banekien errealak zirela, baina moduren batean ilustrazio ipuin bateko irudiak ziruditen”.
Testuinguru hori jorratu beharra sentitu zuten konpainiako kideek, eta galderei tiraka hasi ziren. “Beti hasten gara galderekin lanean. Galdera da, zein da benetan umeen lekua, non egon behar dute? Argi geneukan gerra bat ez dela haien lekua”, zehaztu du ideiaren sortzaileak. Umeek eskolan, jolasean, lagunekin, naturan, literaturan eta poesian murgilduta egon behar dutela sinesten dute Anita Maravillaseko kideek, eta ildo horri tiraka iritsi ziren andereñoen mundura.
Ikerketaren bidez jabetu ziren Bigarren Mundu gerrako irudietan ikusten zituzten haurrekin batera maistrak zeudela, hezkuntzarako eskubide unibertsalean sinesten zutenak eta haren botere transformatzailearen jakitun zirenak. “Horrekin jendarte berri bat eraikitzen saiatzen ziren”, borobildu du Larreak.
Elementu horiek hartu eta “ipuin klabera” eraman dituzte Andereño an-tzezlanean: fabuletan oinarritzea erabaki zuten, istorioa unibertsal egiteko. Izan ere, nahiz eta hurbileko gertakizun batetik abiatu, ikusleak erraz identifikatzen dira pertsonaiekin, animaliak direlako. Hala azpimarratu du interpreteak: “Gerra bezalako gai batek estetika eta narratiba zaindu bat eskatzen du”.
SU TXIKIAN EGINDAKO LANA
Lasaitasunez eta patxadaz aritzea gustatzen zaie Anita Maravillasen. Miren Larrearen hitzetan, bi urte luze behar izaten dituzte ideia bat jaiotzen denetik ikusleen aurrean erakustera iritsi arte. Lantaldearen barruan elkarri ondo entzun eta elkar kutsatu behar dute; istorioaz maitemindu gero behar bezala kontatzeko. Lana publiko zabalari dago zuzenduta, haur zein heldu: “Guretzat obsesio txiki bat izan behar da, denek uler dezaten hain bisuala den lan bat”. Umeek zintzotasunez lan egiten dutela uler-tzen dute eta harrera ona eman diote lanari, gaia helduentzat ere garrantzitsua dela ikusten dutelako.
Hiru urte igaro dira Andereño estreinatu zutenetik eta une horretatik bertatik jakin zuten antzezlana memoria historiko ariketa bat ere bazela. Hala ere, eta antzezlanean esperan-tza puntu bat piztu nahi badute ere, atsekabeturik agertu da Miren Larrea: “Munduko egoera krudeltasunez betetzen joan den neurrian, zoritxarrez gure lanak asko konekta-tzen du gaur egungo egoerarekin”.
Horregatik, saria jasotzean Palestinako maistren lana izan zuen gogoan, garaikurra eskutan. “Garai hartako andereñoak haien lanarengatik zigortuak izan ziren eta gaur egun ere Palestinan eta beste leku batzuetan eskolak bonbardatu egiten dituzte. Eszenatoki beldurgarriena gaur egungo egoera da”, ekarri du gogora.
Lana jasotzen ari den harrera beroa egungo testuingurutik ezin isolatu daitekeela uste du Larreak: “Jendea oso sentsibilizatuta dago, oso minduta gertatzen den guztiarekin eta lana ikustean horrekin konektatzen du”.
ETAPA ALDAKETA
Uda hastearekin batera aretoko ikuskizunen denboraldia amaitzen denez, ikasturte honetan ez dute gehiago erakutsiko Andereño. Uda bitartean Zornotza Aretoan egongo dira hurrengo lana prestatzen: Tretatxu. XIX. mendeko lapurren gobernadore bizkaitarraren istoriotik abiatuta bidelapur munduan murgilduko dira Anita Maravillaseko kideak abenturaz betako istorioan. Urrian estreina-tzeko asmoa dute, baina jarraituko dute orain arteko ikuskizunak erakusten ere.