Proiektu honekin nire nahia izan da adin batetik gorako emakume gorputz nekatu eta hustu bat eszenaratzea. Dantzaren baitan, sortzaile/dantzari zaurgarri eta hauskor bat bere horretan ikusaraztea. Eta desira bati, idazle izateko ametsari, mugimendutik heltzea”, azaldu du Myriam Perez Cazabon sortzaileak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1981), 40.bidegurutzea lana dela-eta. Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza bati esker ondu du ekoizpena, eta baita Legamia beka-programari esker ere, Errenteriako Udalaren eskutik. Horrez gain, Gipuzkoako Dantzagunearen, Donostia Kulturaren eta Dantzaz elkartearen babesa izan du.

Otsailean aurkeztu zenuen ‘40.bidegurutzea’. Lehen pertsonan bizi duzun inflexio puntu bat omen da, norbera eta ingurua galderaz betetze bat; bada, zer da?

2022an egin nuen azkeneko sorkuntza prozesua, Nunavut izenekoa, baina ezinegona sortu zitzaidan ondoren: arte eszenikoetan, eta batez ere dantzan, proiektuak sortzen zoaz, baina gerora ez dute ibilbide luzerik. Badaude dirulaguntzak sorkuntzarako edo ekoizpenetarako, eta horrek jateko pixka bat ematen du, baina ez dute ia ibilbiderik izaten. Hori kontuan izanda, otu zitzaidan galderetako bat izan zen ea zertarako sortu; eta aldi berean, zenbat. Hortik abiatu nuen lana. Horrez gain, nire momentu bitala ere hor dago: 40 urte aspaldi bete nituen, 45 ditut orain, eta nire buruari galdezka nabil ea nola jarraitu dezakedan dantzaren inguruan. Horrenbestez, lau galdera nagusitan du oinarria lan honek: zer, zenbat, nola eta zertarako.

Ba al dute erantzunik?

Erantzuteko nahia, behintzat, bai, hiru ildo gogoan izanda: bata, profesioa; bestea, momentu pertsonala; eta hirugarrena, gizartea nola dagoen ikusirik, zer egin dezakegun edo dezakedan.

"Dantza, batez ere, gorputzari presentzia eta orainean egotea ematea da"

MYRIAM PEREZ KAZABON - ‘40.bidegurutzea’

‘Nunavut’ lanaren ondorengoan al du, horrenbestez, jatorria lanak? 

Tira, orduan hasi nintzen hainbat irakurketa egiten sorkuntza prozesuaren eta gure profesioaren inguruan, niretako elikatzeko inspiraziotzat balio izan dutenak, eta Ikerketa koreografikoa sintonizatzeko irakurketak izeneko aurkezpen txiki bat egin nuen hausnarketa horiekin Artik izeneko programan, 2023an. Beste artista-lagun batzuekin partekatu nituen horiek, eta beste proiektu bat sortu nuen: Entzuten nauzu? Zeozer kontatu nahi nizuke... Saiakera gorpuztu bat zuen izena. Horren nahia elkargune moduko bat sortzea izan zen, eta hortik ateratako hausnarketak hitzaldi dantzatu moduko batean islatzea. Horretarako, gainera, alboan izan nituen Bertha Bermudez, Oihana Vesga, Ainara Legardon eta Nagore Legarreta. 2024an izan zen hori, baina urte berean, Donostiako Musika Hamabostaldiaren testuinguruan, Isiltasuna zizelkatzen lana ondu nuen Sofia Martinez konposatzailearekin eta Lallement-Marques gitarra bikotearekin. Horrek balio izan zidan hirugarren buelta bat emateko aurretik eginiko guztiari. Horrenbestez, 40.bidegurutzea oso poliki kozinatzen joan den proposamena da, material guztiak landu, birpentsatu, gorputzera eraman eta platerean nik nahi bezala jartzea erabaki dudan arte.

Otsailean aurkeztu zuten ‘40.bidegurutzea’ pieza Donostian. NAGORE LEGARRETA

Diziplinartekotasunean aritu zara sarritan, eta baita oraingoan ere: dantzaz gain, badira bestelako elementuak azkeneko proposamenean. 

Bai; pieza eszeniko bat da, baina elkarlanean sortu dut, besteak beste, Idoia Hernandez Hatxe musikariarekin. Aurrez ere aritua naiz harekin. Halere, beste diziplina artistiko ba-tzuek ere erakartzen naute, eta beste proiektu batzuetan elkarlanean ibili naiz, esate baterako, Nagore Legarreta eta Aitziber Orkolaga argazkilariekin; bada, oraingoan, Aitziberrekin berreskuratu dut elkarlana. Prologo-epilogo-tzat, bere argazkiekin osatutako instalazio txiki bat egin dugu non argazkiak eta irudi horiekin lotutako testuak dauden piezaren sarreratzat edo ondoriotzat. 

Eszenan, berriz, elementuak darabilzkizu; esate baterako, manta termikoa. 

Hiru materialekin osatu nahi nuen pieza: batetik, gorputza; bestetik, soinua, eta horrekin lotuta ahotsa, horrekin bat baitoa testua ere; eta azkenik, manta termikoa, paisaiak sortzerakoan ematen duen plastikotasunarengatik. Beraz, hiru elementu horiek daude: gorputza, soinua eta material eszenikoak.

"Kultura estutasun batetik ari da igarotzen, eta testuinguru horretan dantza oraindik eta estuago dago”

MYRIAM PEREZ KAZABON - ‘40.bidegurutzea’

Soinua aipatu duzu; zure ahotsa darabilzu, ezta?

Bai; eskutik helduta sortu dugu Hatxe eta biok. Niretzat soinuaren lanketa, eta horrekin lotuta ahotsarena, erronka handi bat zen; alegia, nik neuk ahotsarekin jolastea eta ahotsa zuzenean erabiltzea, eta bide horretan asko lagundu dit; baita soinu paisaiaren sorkun-tza guztian ere. Esan daiteke nik sortua dela soinuaren materiala, baina bera hor egon dela sortze prozesuan gidari eta ekoizle lanetan.

Dantza koreografia itxia da ala, nolabait esanda, sentsazioei loturiko inprobisazioak dira eszenaratzekoak?

Ibilbidetzat dago pentsatua pieza. Nik badut nire buruan horrelako mapa bat sortua, eta mapa horretan geldiuneak daude, eta geldiuneetan, berriz, pauta argi batzuk. Mugimendu itxiak baino gehiago, pauta horietatik momentuko sorkuntzari ematen diot aukera. Beraz, bai: mugimenduak oso sotilak dira, eta gehiago dauka momentuan egotetik eta egitetik.

Zer duzu egitea intereseko zure sorkuntzetan? Irakurria dut eszenan dantzaria baino pertsona ikusaraztea duzula helburuetako bat. 

Konturatu naiz narrazio ekintzaren plastikotasunaren inguruan ikertzen edo bueltaka ibili naizela pixka bat azken urteotan, narrazio bidetzat ulertzen dudala dantza. Eta gorputza jarri nahi izan dut narrazio horren zerbitzura. Fisikotasun birtuoso eta ikusgarri baten bilaketan baino gehiago, asko zehazten aritu naiz mugimendua zertarako, mugimenduari zein esanahi bilatu; eta hala, mugimendu hori gehiago joan da gerturatzen keinuetara, indar gehiago dute. Are gehiago, esanahia bilatze horretan bada dantzaren abstrakziotik konkretutasun batera-edo iristeko desio bat, idazketa batera gehiago gerturatzeko nahi bat.

Soinuzko eta mugimenduzko eremu berrietan murgiltzen gaitu piezak. NAGORE LEGARRETA

Zer da dantza?

Gauza asko izan daitezke, baina niretzat, batez ere, da gorputzari presentzia eta orainean egotea ematea. Hor izan daiteke gorputzari askatasuna adierazteko aukera bat eskaintzea, edo pentsamenduak eta emozioak gorputzera eramateko nahia. Horrez gain, komunikazio bide bat ere bada, beste arteen eran.

Beste arte horien artean, egun, zer presentzia du dantzak?

Sektorean bero-bero dagoen gai bat da. Egiten dira instituzioetatik-eta dantzari presentzia edo ikusgarritasuna emateko saiakerak, baina errealitatea da edo sentsazioa da gero eta gutxiago edo itoago dagoela, ez dagoela batere erraz dantzaren alorra. Nik uste dut, orokorrean, kultura pixka bat estutasun batetik ari dela pasatzen, beste lehentasun batzuk ari direla gailentzen, eta kulturaren testuinguru horretan dantza oraindik eta estuago dagoela.

Urtez urte gero eta estuago al dago?

Dantzak publikora-edo izan du horrelako zabalgune bat, baina kultur proposamenen artean azken lauzpabost urtean, programazioari dagokionez, pixka bat murrizten joan da.

Egoera estuago egon arren, zu ez zaude geldirik; zer duzu eskuartean?

Udazkenerako baditut pare bat hitzordu, .40bidegurutzea eta Nunavut proposamenekin; esate baterako, Zumaian (Gipuzkoa) izango naiz abenduaren 13an. Horrenbestez, bi lan horiekin nabil bueltaka. Horrez gain, elkarlanean ere banabil murgilduta: Dantzaz plataformari esker, Cuerpos en comun proposamen eszenikoa sortzen nabil Ines Aubert, Matilde Olivares eta Ana Cotore sortzaileekin, eta azaroaren 28an aurkeztuko dugu Zaragozan (Espainia).