LIZAR Begoñak bere lehenengo eleberria kaleratu du: Mundu zitalaren kontra. 2022ko Igartza Saria irabazita, Benidormeko kiosko bat aukeratu du bere eleberriaren kokalekutzat idazleak, eta belaunaldi ezberdinetako bi emakumeren egunerokoa kontatu du, horien arteko kontrasteetan sakonduz eta eguneroko arazoak zein unibertsalak jorratuz.
Mundu zitalaren kontra dauden belaunaldi ezberdinetako bi emakumeren istorioa kontatzen du liburuak. Belaunaldien talka islatu gura izan duzu?
Saiatu naiz belaunaldi ezberdinetako bi emakumeren testigantzak hartzen, euren egunerokoa jasotzen, bataren eta bestearen ahotsak parekatu eta modu paraleloan kokatzen. Zatikatuta geratu da liburua, baina etengabean ematen da bien arteko “elkarrizketa” bat.
Bakoitzak lehenengo pertsonan kontatzen ditu bere egonezinak, norbere ikuspuntutik; batak gaztetasunetik, besteak heldutasunetik.
Identitate edo belaunaldi arteko salto hori islatzeaz gain, gura izan dut bestelako kontraste bat landu, eta bakoi-tzaren garaiaren pentsaerak jorratu. Ze, gazteak bizi izan du boom digitalaren garaia, eta nagusiak, aldiz, paperezko prentsarena.
Turismoari buruzko gaia ere landu duzu. Hausnarketa bilatu duzu?
Aipatu dut turismoaren kontua, Benidorm bezalako hiri batean turismo masiboa dagoelako. Baina, ez da liburu honen oinarrizko gaia; ukitu dudan gaietariko bat besterik ez da, eszenografia kokatzeko erabilitakoa. Beste hainbat gai ere jorratzen dira: maitasuna, sexualitatea edota zaintza lanak ageri dira, esaterako.
Aipatutako horiek egungo eguneroko arazoak dira.
Niretik idatzi dut eta inguratzen nauten arduretatik edo egindako hainbat gogoetetatik tira egin dut liburua idazteko. Nire esperientziatik idatzitako lana da. Nahiz eta bi belaunaldietako bat urrun izan, inguruan ikusten dudanera hurbildu naiz eta nire belaunaldiko gogoetak eta ardurak ere partekatu ditut.
Bernidormeko kiosko batean kokatu dituzu protagonistak. Zergatik Benidorm?
Hainbat arrazoirengandik. Turismoarekin lotutako eszenografia bat nahi nuen, kolore bizikoa, umorerako tartea zeukana. Euskal Herriko kokalekuren baten bila ibili nintzen, baina Benidormekin egin nuen topo. Pentsatu nuen halako toki bat ere izan litekeela protagonista, horretan turismoa are muturragokoa delako, eta badaukalako sinbologia bat ere bai. Denok daukagu iritzi bat Benidormi buruz. Ikono bat da, onerako zein txarrerako.
Eta zergatik kioskoa?
Nobela gerta liteke ohiko edozein dendatan, baina kioskoek nolabaiteko nortasuna dute. Leku eskultorikoak izan daitezkeen piezak dira, pasealeku erdiguneetan aurkitzen ditugun eta albo hegalak irekitzen zaizkien kapsulak. Polita iruditzen zitzaidan hain toki finkoan eta soltean koka-tzea gai horiek guztiak. Horrez gain, digitalizazioaren eta paperezko edukien auzia lantzeko leku aproposa iruditu zitzaidan, baita beste gaiak barnebiltzekoa ere.
Dena hiru kapitulutan banatu duzu, udako hilabeteei erreferentzia eginez. Zelakoa izan da egituratze lana?
Argi neukan bi ahotsak zatikatuta erakutsiko nituela, baina egiturari buruz ez nuen ezer erabakita. Hiru hilabetetan liburua banatzea azken erabakietako bat izan da. Lagungarria egin zi-tzaidan niri, eta uste dut irakurleari ere lagunduko diola kronologia batean kokatzeak kontakizuna. Gainera, udako hiru hilabeteak izateak ematen dio udaldiko kutsua, Benidormek ere badaukana. Irene Solaren Dikeak lana irakurtzen ari nintzen eta berak ere hala banatzen du berea; hortik ere edan dut.
Eszenografiari gehitzeko, euskaraz gain, beste hizkuntza batzuk ere erabili dituzu, valentziarra kasu.
Benidormen hainbat hizkuntza elkar-tzen dira, eta valentziarra edo beste hizkuntza batzuk txertatzeak errealitatea ematen dio lanari. Dena idatz nezakeen euskaraz, baina gustatzen zait noizean behin beste hizkuntza ba-tzuetatik jasotzea, eta horiek euskararekin nahastea. Hizkuntza aukeraketa horrek, estiloari zerbait gehitzen diola uste dut. Beraz, alde estetikoa aintzat hartuta eta irakurleak errealitatera erakartzeko arrazoiagatik hartu dut erabakia. Fonetika kontua ere bada, estetikak badaukalako fonetikarekin lotura.
Zure lehen eleberria da, baina ez liburua. Bi poema liburu dituzu kaleratuta. Eleberri bat idazteko grina izan duzu?
Poesiatik nator eta hizkuntzarekin izan dudan lehen harremana poesiatik izan da, errazagoa egiten zitzaidalako, arinagoa. Poesia lehengaiarekin lan egitea da, hizkuntzarekin berarekin jolastea. Oraingoan, baina, nire burua beste testugintza batean ikusi nahi izan dut, fikzioa jorratu. Eta esan behar dut oso ezberdina izan dela, baina gozatu egin dudala mundu berri bat sortzen. Sufritu ere bai, halako lan luzeago bati heltzeak lan bikoitza eskatzen duelako; osotasunari erreparatu behar diozu etengabean, denak fun-tzionatzen duen jakin. Lehenengoz egin dut topo horrelako eraikuntza batekin.
Lan hau amaituta, baduzu besterik esku artean?
Orain, produzitzea baino gehiago dagokit jasotzea; barrua bete nahi dut. Isiltasunean murgiltzea dagokit orain, eta, agian, sortzen hastea, baina oraindik ez daukat ezer esku artean. Badakit itzuliko naizela, ze literaturak harrapatu egiten zaitu, eta hurbil eduki nahi izaten duzu.