Altzuzako (Nafarroa) Oteiza museoak eta Uharteko Arte Garaikidearen Zentroak elkarlanean antolatzen duten Hazitegia proiektura artistak gonbidatu ohi dituzte Jorge Oteizaren obraren inguruko gogoetarako agertoki gehiago sortzeko asmoz. Maite Velazek ondu du egitasmoko seigarren aldia.
Hala, proiektuan parte hartzeko gonbitetik eskulturari ekiteko modu desberdinen inguruan hausnartu du artista nafarrak bere lan berrian. Gu edo gorputzak zeharkatzea izenburupean, 24 piezaz osatutako erakusketa Altzuzako Oteiza museoan dago ikusgai ekainaren 2a bitarte.
Artistak egonaldia egin zuen 2023ko urrian Uharten (Nafarroa), erakusketa proposamen bat garatu eta emaitza Altzuzan paratzeko. Velazek aitortu duenez, nekez reset egiten du; alegia, kosta egiten zaio hutsetik hastea, eta ondorioz, iraganarekin esperimentatzen du.
Duela hiru urte izandako elkarrizketa batean proposatu zioten honako erakusketa gauzatzeko ideia eta ordurako hasia zuen ariketari loturiko proposamen bat garatzea erabaki zuen, neurri batean harantz eraman du bere praktika.
“Gorputzarekin, ahotsarekin eta zenbait materialekin esperimentatzen ari nintzela ailegatu zitzaidan programan parte hartzeko gonbidapena”. Egiteko prozesu bat izan dela adierazi du. “Lana bera erabakiz zihoan, lehenengo fasea esperimentalena oso bizia izan zen, erabakiak hartzekoa”. Muntaiak “elkarrizketan” eraiki izanaren ezaugarria duela azaldu du.
Oteizaren lana zeharkatu asmoz, sortze prozesuaren abiapuntuan, garai batean Sandra Cuestarekin hitz egindako bideo batekin oroitu zen. 1980.hamarkadako emakume-afari bateko irudiak eta Oteizaren katalogo arrazoituko beste irudi batzuk lotzen ditu bideoak hain zuzen. Hori da erreferentzia argiena, Oteizaren egiteko printzipio ezberdinak oinarri dituzten lanak ageri baitira bertan.
Prozesuan nahiz eta jende askorekin hitz egin bakarrik egon dela eta bakarrik lan egin duela azpimarratu du Velazek. Hala ere, eta bakarrik egonik ere praktikak konpainia bat sentitzearekin du zerikusia. Era horretan, prozesua ikaskuntza handikoa izan dela nabarmendu du artistak. Parte hartzeko gonbitak baliabideak eskaintzeaz gain, animoak eta laguntasuna eman dizkiola sentitu du. “Prozesua esker onekoa, opari bat, izan da, mugak gainditzen zein gauza berriekin ausartu naiz”.
Erakusketak bere berezitasuna du. Maitasunerako, esker onerako gonbita bat da; azken finean, opari bat. Harrerarekin zerikusia duen zerbaitetarako gonbita. Velazek kontatu egin nahi izan du, nola edo hala deskubritu. “Zerikusi handia du norbere burua erakustearekin”. Oro har, sentsazioek gidatuta egiten du lan artista nafarrak, eta, kasu honetan, atseginaren bila jardun du, txoko abegikor baten bila.
“Arrotza abegikor bilakatu nahi izan dut”. Erakusketa eskaintza bat da eta egiteko moduak zerikusi handia du hizketan aritzearekin. “Nire egiteko moduak bakarrik egotearekin zerikusia izan du, baina aldi berean baita hizketan ari-tzearekin ere, aldebikoa izan da”.
Oteiza museoan ondu duen bere lehen erakusketa osatzen duten ia obra guztiek modu batera edo bestera egitearekin dute zerikusia. Lan batzuk audioak dira, bideoak ere ageri dira, baina, batik bat, eskulturak daude.
MATERIAL ASKO
Materialei dagokienez, egur asko, oihalak, plastikoak, kaktusak, zinta itsasgarriak, eskaiola, karpetak, betileak zein beste material batzuen hondakinak erabili ditu Velazek. Ispiluek, adibidez, presentzia nabarmena dute erakusketan. Duela hiru urte sorturiko piezak ikus daitezke, alta, beste batzuk sortze prozesuaren amaieran agertu dira. Moduei begira, bestalde, ez du hainbeste lan egin eskuekin, idatziz sortuak eta itxura formal eta bukatuagoa duten lanak ere badaude.
Hasieran dena zen esperimentazio bat, Oteizaren lanera apropos egindako hurbilketa bat. Velazek aitortu du ez zekiela zer forma izango zuen ere. “Dena zegoen irekita, eta erakusketa itxura hartu zuen amaieran, ekintzak zeharkatuta”.
Hain zuzen ere, Gu edo gorputzak zeharkatzea erakusketari lotuta, proiektuarekin harremana duten hainbat artista gonbidatu ditu sor-tzaileak zeharkatzea kontzeptuaren bueltan proposamenak egitera, eta bertatik sortu dira Hazitegia proiektuaren barruan egingo dituzten hainbat ekintza: bitartekaritza jarduerak, haurrentzako tailerrak…
Apirilaren 27an, esaterako, Idoia Leatxek performance bat egingo du museoan bertan eta maiatzaren 10ean Daniel Resanoren txanda izango da, hitzaldi performatibo batekin. Leatxe eta Resanorekin batera, Taxio Ardanaz eta Nerea de Diegok parte hartu dute Velazekin aurrez aipaturiko sorkuntza prozesuaren elkarrizketetan.
Proiektua osatzeko, argitalpen bat ere prestatu dute: Eskultura hori laztana deitzen zen izeneko Maite Velazen testu poetikoen sorta bildu dute. Testua beste eskultura bat dela azaldu du Velazek, beste hizkuntza batean, literatura- hizkuntzan. Horrez gain, erakusketan ikusgai diren pieza gehienen irudi eta datuak ere ageri dira. Gainera, Peio Agirreren idazki kritiko bat eta ekintzetara gonbidaturiko artisten lau testuak ere badaude.