Eskaladatik dantza bertikalera egin zuen jauzi, eta ordutik dantzan orduak ematen ditu arrokatik zintzilik. Anboto mendiko pareta da gehien gustatzen zaiona, baina kobazuloetan eta zuhaitzetan ere aztertzen du mugimendua. Grabitatearen kontra, baina naturarekin bat eginez dan-tzatzen du Janire Etxabek (Arrankudiaga, Bizkaia, 1979). Naturaguneetan esku hartze artistikoak egiteko Dimegaz elkartea sortu zuen 2017. urtean, eta proiektu horren barruan Harrobi Dantza Bertikala konpainia. Horrez gain, bakarkako lehenengo lana dauka esku artean. Atxine obraren bidez haurtzaroan, nerabezaroan eta zahartzaroan sortzen diren emozioei erreparatu die. Apirilaren 14an egingo du aurrestreinaldia Urnietako antzokian (Gizpuzkoa).

Lehenengo bakarkako bidaia abiatu duzu ‘Atxine’ ikuskizunarekin. Nolakoa da bidea?

Ohituta nagoen arren, oso zaila izaten ari da. Harrobi konpainiarako sortu ditudan proiektuetan, hasierako lana bakarka egiten dut. Hau da, ideia pentsatu, garatu, dramaturgia, zer-nolako jantzitegia nahi dudan pentsatu, eskemak egin eta zer-nolako emozioak transmititu nahi ditudan aztertu. Halere, hori argi dudanean taldeka lanean hasten gara. Kasu honetan ez, eta gainera, paretatik urruntzen naiz, eta sokarekin zintzilik eta airean gehiago egoten naiz. Pareta nire konfort gunea da; orduan, beldur handiak, segurtasun ezak eta zalantzak sortzen zaizkit denbora osoan. Horregatik, dena zalantzan jartzen dut eta buelta pila bat ematen dizkiot.

Zer aurkituko du ikusleak?

Batetik, musika eta instrumentu tradizionalak musika elektronikoarekin eta modernoarekin nahastuta aurkituko ditu. Bestetik, jantzi tradizionalak eta burukoa. Espainiar inkisizioak emakumeen burukoa debekatu zuen. Horregatik, burukoaren bidez kulturak zer nolako karga duen gizartean transmititu nahi izan dut. Horretarako, saiatu naiz eszenen bidez azaleratzen bizitzaren garai ezberdinetan zer-nolako emozioak sortzen diren. Beraz, jaiotza, gaztaroa, guda garaia eta zahartzaroa aztertu ditut. Fase horiek guztiak sinbologiaz jositako objektu baten bidez islatzen ditut, eta urteek aurrera egin bitartean, poliki-poliki, objektuaren eta emozioen esanahia aldatzen da. Benito Lertxundiren Altabizkar kantuan inspiratu naiz. Halere, oraindik sorkuntza prozesuan dago. 

Amama oso presente izan duzu obran. Askotan emakumeak presente izaten dituzu?

Bai, lan guztietan familiako emakumeak zein historikoki Euskal Herrian egon diren erreferenteak presente egoten dira. Gainera, konpainian ere emakume asko gaude. Amama oso presente dago hark jartzen zizkidalako Benito Lertxundiren kantuak eta amamak transmititu didalako hizkuntzarekiko eta mitologiarekiko daukadan maitasuna.

Kultura eta mitologia aipatu dituzu; oso garrantzitsuak dira zuretzat?

Kultura eta mitologia ezinbestekoak dira nire lan pertsonaletan zein Harrobi dantza konpainiarekin egiten ditudan lanetan. Memoria historikoa, kultura eta mitologia ekoizpen askotan daude, baina batez ere Geu(R)era ekoizpenean ikusten dira. Batik bat, Anbotoko Mari, antzinako sorgin ehiza eta gaur egun suarekin erretzen ez gaituzten arren, emakumeok bizi dugun sorgin ehiza. 

Nondik begiratu diozu iraganari?

Zenbait adin kontuan hartuta, gorputzak, sentimenduek eta emozioek bizi duten karga emozionalari eta kulturalari erreparatu diot. Oso karga kultural polita izaten dugu jaiotzean. Nerabezaroan, aldiz, pixka bat askatzen gara tradiziotik eta zahar-tzaroan, beste begirada batetik erreparatzen diogu. Mugimenduaren bidez eta burukoa jantziz lantzen ditut etapa horiek. 

Natura mugimenduaren euskarria dela diozu. Zer esan nahi duzu?

Sorkuntza gehienak naturan hasten ditut; hala nola, arrokan, zuhaitzetan eta kobazuloetan. Hor hasten dira sorkuntza prozesuak garatzen. Oso arroka zalea naiz, eta oso gustuko dut naturan zintzilikatzea.

Natura ezagutzeko ordu asko behar dira. Zenbat ematen dituzu zintzilik?

Bakarkako proiektuan ordu asko ematen ari naiz egunero. Normalean saiatzen naiz ahalik eta gehien entrenatzen, baina beti ezin naiz zintzilikatu. Batzuetan bestelako lanak egin behar ditut; adibidez, ekoizpen lanak, bilerak eta txostenak. Ardura asko izan arren, ahalik eta gehien zintzilika-tzen saiatzen naiz sasoi onean egon behar zarelako grabitatearen kontra joateko.

Asko dauka esperimentaziotik?

Hasierako fasean eszenaz eszena garatzen dut zein ideia transmititu nahi dudan, zelan egin nahi dudan eta zer nahi dudan publikoak jaso-tzea. Ostean, zintzilikatu behar naiz eta ikusi behar dut zerk funtziona-tzen duen eta zerk ez. Orain, adibidez, objektu batekin ateratzen naizenez, zailagoa da, badaude gauza asko uste nuenak egin ahalko nituela, baina behin saiatu ostean ikusi dudana ezin ditudala egin. Horregatik, bigarren eszenarako pentsatuta nituen gauza asko aldatu beharko ditut. Beraz, pentsatu beharko dut zelan aldatu, eta horretarako esperimentatu, frogatu eta ikertu behar da. 

Kultura eta mitologia ezinbestekoak dira Etxaberen lanetan, batez ere, 'Geu(R)era' ekoizpenean- argazkian- ikusten dira david herranz

Zer-nolako baldintzetan lan egiten duzue? Prekaritatea nagusitzen da?

Arte eszenikoetan eta dantzan orokorrean prekaritatea dago egunerokoan. Sortzera behartuta gaude beti, bestela kanpoan geratzen garelako. Horrez gain, dantzatzen dugunean batzuetan baldintzak ez dira izan beharko liratekeenak. Batzuetan diru laguntzarik gabe ez dago entseguak eta bestelakoak kudeatzeko modurik. Horregatik, oso eskertuta gaude Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak eta beste laguntzaile ba-tzuek babesten gaituztelako. Hori egin ezean ezinezkoa izango litzateke deus egitea. 

Bakarkako lanaz gain, ‘Haize Lerroak’ dokumentala ere duzu esku artean. Zer irudikatu nahi izan duzu?

Ez dut akaso kontatu nahi oraindik, baina asmoa da Bilboko Mendi Film jaialdian aurkeztea abenduan. 2019. urteko abendutik aurtengo udara arte Euskal Herriko zenbait txokotan egindako esku hartzeak dira. Naturaguneetan egindakoak dira denak, batzuk bakarka eta beste ba-tzuk dantzariekin. Azkenean pertsona baten istorioa kontatzen da.

Nola eragiten diote elkarri dantzak eta mendiak?

Niretzat bat dira dantza bertikala, natura eta soka. Naturan dena mugimenduan dagoenez urtaroz urtaro aldatu egiten da. Leku batean zin-tzilikatzen naizenean, eta naturari begiratzen diodanean hilabete batetik hurrengora aldatzen da. Ez dago leku bat bera ere berdina. Hostoek eta zuhaitzek kolore eta mugimendu desberdina izaten dute eta txoriak beste sasoi batekoak dira.

Euskarri batetik bestera mugimendua ere aldatzen da?

Bai, naturako euskarri bakoitzak berezko mugimendua duelako. Ez da berdina zuhaitz batetik eskegitzea edo kobazulo batetik. Azkenean, gorputzak ezberdin erreakzionatzen du. Eguraldiak ere eragiten du; neguan, udan, hotzarekin edo haizearekin ez da gauza bera, gorputzak beste estimulu batzuk jasotzen dituelako.

Zeinetan sentitzen zara erosoen?

Arroka gustuko dut gehien. Batez ere, Anboto mendiko pareta. Hala ere, itsas ertzean oso pareta bereziak daude. Egunaren arabera izaten da.

Zerk egiten du berezia Anboto mendia?

Karga historiko eta mitologiko handia du eta bertan abentura ugari bizi izan ditut. Gainera, amamarekin ere lotzen dut. Zentzu askotan berezia da niretzat, baina uste dut orokorrean bizkaitarrentzat berezia dela.